EkoNOMIA

Bizkaiko Golkoan antxoa harrapatzeko kuota bikoiztu egin du Europak

Gaur hasi eta 2011ko ekaina bitartean 15.600 tona arrantzatu ahal izango dira. Aurten 7.000 tona izan dute muga, ia bost urteko debekuaren ostean.

2010eko uztailaren 22a
15:43
Entzun
15.600 tona antxoa harrapatzeko baimena eman du Europako Ordezkari Iraunkorren Batzordeak. Europako Batasuneko (EB) 27 estatuetako ordezkariek osatzen dute batzordea, eta baimena eman duBizkaiko Golkoan 2011ko ekainera arte kopuru hori arrantzatzeko. Astelehenean erabakia EBko Atzerri ministroen Kontseiluak berrestea baino ez da falta.

Hil honen hasieran antxoa harrapatzeko kuota bikoiztea proposatu zuen Bruselak. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek eta Eusko Jaurlaritzak oso berri ona zela adierazi zuten orduan. "Pozik gaude, antxoa ondo ikusi dugulako. Lagin onak topatu ditugu, eta espeziea bere onera etortzen ari dela ematen du". Hala zioen Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak duela hilabete eskas, antxoaren kostera bukatu zutenean. Hark esandakoa berretsi zuten azterketa zientifikoek ere. Eta harrapaketa kuotak bikoiztea proposatu zuen Europako Batzordeak. Hil honetatik datorren urteko ekainaren 30a bitartean, Bizkaiko Golkoan 15.600 tona antxoa arrantzatzeko baimena eman nahi zien arrantzaleei. Aurten 7.000 tona izan dute muga, ia bost urteko debekuaren ostean.

Kuota bikoiztea proposatzeko, Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) egindako txostenak hartu zituen kontuan Europako Batzordeak. Bizkaiko Golkoan antxoa egoera onean zegoela baieztatzen zuten haiek. Azti-Tecnaliak maiatzean egindako Bioman neurketak ere hala erakutsi zuen. Haren arabera, antxoaren biomasa 36.500 tonakoa da, iaz baino %30 handiagoa. Arrantza baimentzeko ezinbestekoa da 33.000 tonako zuhurtziako biomasa izatea, eta, aurten, 2005etik lehenengoz, kopuru hori gainditu egin du.

Bruselak proposatutako harrapaketa kuota hori, baina, ez dagokie osorik Euskal Herriko arrantzaleei. 15.600 tona horietatik %90 -14.000 tona-, Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Kantabriako (Espainia) arrantzaleentzat izango lirateke; gainerakoa -1.600 tona-, Lapurdi eta Frantziakoentzat. Bruselak mahai gainean jarritako kopurua biomasaren %30 da.

Europako Batzordeak egin zuena proposamena baino ez zen. Eta orain, aurreko azterketetatik ateratako ondorioak berretsi ditu CIESek eta arrantzari buruzko Europako Batasuneko batzorde tekniko eta zientifikoak.

Harrapaketa kuotan ez ezik, egutegian ere aldaketak izango dira aurrerantzean. Bizkaiko Golkoan antxoa urteko lehen sei hilabeteetan arrantzatzen da normalki. Hortaz, orain arte, Bruselak urtearen bukaeran ezartzen zuen hurrengo sei hilabeteetarako kuota. Aurten, urtebeterako ezarri du, "arrantzaleen eta zientzialarien beharrei hobeto erantzuteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.