Bizkaiko hiri hondakinak, 1996ko mailara

Aldundiaren arabera, %4,1 jaitsi da zaborren kopurua 2010etik, nahiz eta biztanle gehiago bizi herrialdean

jon eskudero
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bizkaiak hobetu egin ditu hiriko hondakinen sorkuntzaren datuak. Ekoitzitako zabor kopuruak behera egin du laugarren urtez jarraian, eta 1996ko mailara gutxitu dira dagoeneko, nahiz eta orduan baino 20.000 biztanle gehiago bizi den egun herrialdean. Hala jakinarazi zuen atzo Iosu Madariagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak. Haren esanetan, 2010ean baino %4,1 zabor gutxiago ekoitzi zen iaz, lurraldeak 2.000 biztanle pasatxo gehiago eduki arren.

Zehazki, 588.804 tona hondakin bildu zen iaz, aurreko urtean baino 24.949 tona gutxiago. Bizkaian sortzen den zaborraren %71 aprobetxatu egiten da, izan era materialean (%34) edo energetikoan (%37). Soilik %29 dira hondakindegi kontrolatuetan batzen direnak. Hondakinak zabortegira bota aurretik tratatzeko politikei esker, aurten murriztu egin da hondakindegietara eramaten den zabor kantitatea. 2010. urtearekin alderatuz gero, hobekuntza nabarmena da. Izan ere, zaborren %68 aprobetxatzen ziren orduan, egun baino %3 gutxiago.

2004. urtean ekin zitzaion Kudeaketa Integraleko Planari, eta ordutik nabaria da herrialdeak izan duen bilakaera. Orain zazpi urte baino 90 kilo zabor gutxiago sortzen du biztanle bakoitzak. Foru aldundiaren arabera, 22 kilo hiri hondakin ekoitzi zuen norberak iazko urtean. Kopuru osoa kalkulatzeko etxeko zaborra batzen da, batetik, eta hondakin industrialak, merkataritzakoak eta erakundeetakoak, bestetik.

Jaitsieraren ondorioz, pertsona bakoitzak sortutako hondakinen kopurua duela hamabost urteko mailara heldu da. Frakzioen arabera, errefusaren bilketa ez ezik,nabarmen jaitsi da paper-kartoiaren bilketa ere, eta gauza bera gertatu da industriako hondakinen zurarekin. Merkataritza eta industriako beste frakzio batzuen kasuan ere, paper kartoia, plastikoak, metalak eta ehunak jaitsi egin dira. Urritze horien azalpen nagusiakkontsumo iraunkorreko politiken sustapena eta, batez ere, jarduera ekonomikoaren gutxitzea dira, aldundiaren arabera.

Bizkaiak 2009an bete zuen hondakindegien Europako zuzentarauak 2016rako ezarri zuen helburua, Madariagaren hitzetan. Herrialdeak, harrezkero, aise jarraitu du helburua betetzen. 2011. urtean, 1995ekoarekin alderatuta, %31,8 murriztu da hondakindegietan uzten den biodegradagarria. Horrek adierazten du Europako Batasunak 2016ko uztailerako ezarritako murrizketa arazorik gabe betetzen dela.

Konpost fabrikak, urtebete

Bizkaiko lehenengo konpost fabrikak urtebete beteko du hilaren 28an. Datuak hobetzeko baliagarri egin da, zabor organikoa eta biodegradagarria errekuperatzen baita konpostaren eraginez. Lorezaintzako hondakinak, biltegi handietako elikagaien biohondakinak eta bosgarren kontainerraren sistemarekin jasotako hiri hondakinak biltzen dituzte. Funtziorako makina mugikorrak erabiltzen dituzte: birringailua, iraultzeko makina eta bahea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.