Espainiako Gobernuak, Frantziakoak ez bezala, oraindik ez du jakinarazi bakartutako haurren gurasoek gaixo agiririk izango duten, hasieran ezezkoa eman bazuen ere. Horrek harrabotsa sortu zuen hainbat sektoretan; Bizkaiko Medikuen Elkargoaren kasuan, ordea, gaixo agiria emateko eskakizunek sortu dute asaldura, agiri hori osasunari lotutako kasuetan bakarrik eman behar dela argudiatuz.
«Desegoki» gisa definitu ditu gaixo agiriaren aldeko eskariak. Elkargoak adierazi du ez dagoela medikuen esku erabakitzea umeen zaintzaz arduratuko diren gurasoek lan horregatik dirurik jasoko duten ala ez; gehitu du ez dela onargarria beste sektore batzuetako betebeharrak medikuntzari ematea. Eskari horiek «gaixo agiriaren benetako esentziari eta arrazoiari balioa kentzeko» baino ez direla erantsi du.
Bi bakartu kasu bereizi ditu elkargoak; batetik, seme-alabek positibo emandako langileen kasua aipatu du. Horien kasuan, gaixo agiria ematea ontzat jo du elkargoak, kontaktu zuzenen protokoloa martxan jarriz. Langilea kontaktu zuzena izen ez denean, hau da, seme-alabak negatibo eman baina bakartuta egon behar duen kasuan, gaixo agiririk ez ematearen alde agertu da.
Espainiako Gobernuko Lan Ministerioa, bestalde, lanerako behin-behineko ezintasunaren laguntza emateko plan posible bat diseinatzen ari da seme-alaben zaintzak lana galarazten dien gurasoentzat.