Bizkaiko zahar etxeen egoeraren berri eman dute: 157 hil dira, eta 824 kutsatu daude

Rementeriak nabarmendu du «justifikatu gabeko alarma egoerarik» eta «minik» ez sortzeko ematen dutela hilean behin Bizkaiko zahar etxeetako heriotza kopurua. Oposizioak gaitzetsi egin du ahaldun nagusiaren kudeaketa. 

Bizkaiko zahar egoitza bateko egoiliar eta langile batzuk. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 16a
18:29
Entzun

Bizkaiko zahar etxetako datuen berri eman du gaur Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak: 157 heriotza eta 824 kutsatu. Gainera, bertze hogei hildakok koronabirusa zuten susmoa ere badute. Rementeriak nabarmendu du Bizkaiko Aldundia egunez egun ahal duen guztia egiten ari dela eta egindako hutsegiteak aitortzen dituela. 

Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean eman ditu datuok Rementeriak. Azken egunetan kritika ugari egin zaizkio Rementeriari zahar etxeetako egoeraren berri eman ez duelako. Araban eta Gipuzkoan, ia egunero eman dituzte zahar etxeetako hildakoen eta kutsatuen kopuruak; Bizkaian, aldiz, hilabetean behin bakarrik zabaltzen dituzte datuak 

Rementeriak ukatu egin du informazioa ezkutatzen ibili izana. Azpimarratu du agintariei egunero bidaltzen dizkiela kutsatu eta hildakoen kopuruak, baina hilabetean behin bakarrik ematen dituztela justifikatu gabeko «alarma egoerarik» eta «minik» ez sortzeko. «Kalitatezko» informazioaren aldeko apustua egin dutela adierazi du, eta egoiliarren senideek egunero jasotzen dutela beharrezko informazioa. 

Oposizioak Rementeriaren hitzak gaitzetsi ditu, eta informazioa «nahierara» erabiltzea leporatu diote. Bea Ilardia EH Bilduko eledunak salatu du erakundeek «berandu» eta «gaizki» erreakzionatu dutela krisian. Nabarmendu du gizarte ereduen arteko «talka» sortu duela koronabirusaren krisiak, eta ezin dela esku pribatuetan utzi adinekoen zaintza. 

Elkarrekin Podemoseko Eneritz Madariagak ere aldundiaren kudeaketa salatu du, eta nabarmendu profesionalek Osakidetzaren «esku hartzea» eskatzen dutela. Madariagak autokritika eskatu dio Rementeriari eskaintzen duen informazioaren inguruan, eta benetako datuak emateko. 

Amaya Fernandez PPko eledunak aldundiaren kudeaketa txarra gaitzetsi du. Gainera, salatu du, zahar etxeak desinfektatzeko erabakia alarma egoera ezarri eta 10 geroago hartu zuela aldundiak. Fernandezek salatu duenez, ordurako Bizkaiko 155 zahar etxeetatik 10etan bazeuden koronabirus kasuak. 

Kontatzeko modua aldatu dute Nafarroan

Nafarroako Gobernuak gaur aldatu egin du gaitzak jota hildakoak kontatzeko manera. Gaur arte, positibo eman eta ospitaleetan hildakoak soilik hartzen zituen kontuan, eta ez erietxeetatik kanpo zendutakoak —nahiz eta koronabirusaren probak positibo emandakoak izan—. Hemendik aitzinera, ordea, koronabirusean positibo eman baina erietxean hil ez direnak ere kontatuko dituzte; beraz, koronabirusean positibo eman eta adinekoen egoitzetan zenduak ere sartuko dira zifra horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.