Hilabetean behin ematen ditu Bizkaiako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetako datuak. Gaur zabaldu dituzte: COVID-19 gaitzak 247 egoiliar hil ditu Bizkaian, izurria Euskal Herrian zabaltzen hasi zenetik. Horrez gain, hil diren beste 30 pertsonaren kasuak susmagarritzat dituzte agintariek, litekeena delako koronabirusak kutsatu izana.
Bizkaian, denera, 155 zahar etxe daude, eta 10.748 pertsonarentzako lekua. Egoiliarren artean 716 positibo atzeman dituzte. Kutsaturiko horietako 71 erietxean daude. Izurria 48 egoitzatara heldu da, datu ofizialen arabera.
Baina ez dira bakarrik egoiliarrak; langileen artean ere oso zabalduta dago birusa: 296 langileri atzeman diete gaitza, eta beste 166 berrogeialdian daude badaezpada ere, testik oraindik egin ez badiete ere.
Datu positiboa: positibo baieztatuta zeukaten 521 pertsonari eman diete sendagiria dagoeneko.
Araban eta Gipuzkoan, ia egunero eman dituzte zahar etxeetako hildakoen eta kutsatuen kopuruak; Bizkaian, berriz, hilabetean behin bakarrik zabaltzen dituzte datuak. Hori dela eta, kritika asko egin dizkiote azken asteotan Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari.
Rementeriak ukatu egin du informazioa ezkutatzen ibili izana. Azpimarratu du agintariei egunero bidaltzen dizkiela kutsatuen eta hildakoen kopuruak, baina hilabetean behin bakarrik ematen dituztela, justifikatu gabeko «alarma egoerarik» eta «minik» ez sortzeko. Adierazi du «kalitatezko» informazioaren aldeko apustua egin dutela, eta egoiliarren senideek egunero jasotzen dutela beharrezko informazioa. Hala esan zuen apirilaren erdialdean.
Oposizioak Rementeriaren hitzak gaitzetsi zituen, eta informazioa «nahierara» erabiltzea leporatu zioten.