"Lurralde historikoaren errealitate demografiko berriari erantzuteko eredua izango da", esan du Isabel Sanchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak. Horregatik, beharrizan bereziak dituztenentzako aparteko lekuak prestatzea erabaki dute. 250 eskainiko dira, eta, besteak beste, honelako ezaugarriak dituztenentzat izango dira: ahotik jan ezin dutenentzat, arnasketa artifiziala dutenentzat eta eritasun degeneratiboren baten ondorioz portaera arazoak dituztenentzat. Diputatuaren arabera, "gaur egungo errealitatea kontuan hartuta, eskaintza eskaria baino handiagoa" izango da.
Unai Rementeriak irailean Batzar Nagusietako politika orokorreko berbaldian iragarri zuen bezala, aurrerantzean adinekoek eta euren familiek egoitza aukeratu ahal izango dute. Egoitza horretan lekua hutsik badago, zuzenean sartuko dira. Baina, beteta badago, zerrendan jarraituko dute, eta bitartean leku horrengatik dagokien diru laguntza jasoko dute itxaronaldian lekua beste egoitza batean ordaintzeko edo etxeko zaintzari laguntzeko. Gaur egun, 615 bizkaitar daude eskatu duten leku hori noiz hustuko zain. Sanchez Roblesek uste du eredu berriarekin kopuru hori apaldu egingo dela.
Guztira, Bizkaian 147 zentro daude, eta 10.140 leku eskaintzen dituzte. Horietatik 5.056 dira foru aldundiaren ardurapekoak: hitzarmena dutenak, itunpekoak edo zuzenean publikoak direnak; 2.593 dira gaur egun itunpekoak, eta urtarriletik aurrera 2.880 izango dira —%11 gehiago—. Kontratu berri honek 170 milioi euroko balioa izango du; gaur egunekoa 150 milioi eurokoa da.
Ituna lortuko duten enpresek gutxienez sei hilabetean behin sei gairi buruzko informazioa eman beharko diote diputazioari: egoiliar bakoitzeko zenbat lanaldi osoko behargin dituzten, langile horien prestakuntza, zein zerbitzu osagarri eskaintzen diren, egoitzak zer-nolako integrazio maila duen herrian, zenbat langile diren elebidunak eta nolakoak diren kudeaketaren kalitateari dagozkion bermeak. Horrez gainera, foru aldundiak berak ere ikuskaritzak egingo ditu.
Sanchez Roblesek ez du sektoreko lan gatazkaren inguruan adierazpenik egin nahi izan. Esan du negozioazioa enpresei eta beharginei dagokiela. Bi aldeekin bilduko da, baina soilik eredu berria azaltzeko. "Hori bai bada gure eskumena". Argitu du lehiaketa publiko honen baldintzetan arlo soziala ere aintzat hartu dela eta langileen baldintzak Bizkaiko lan hitzarmenak jasotakoak izango direla. "Orain ari dira berria adosten. Ez badute lortzen, lehengoarekin jarraituko da. Baina bi aldeei eskatzen diet negoziatu eta ahalik eta azkarrena akordio bat lor dezatela". Ratioei dagokienez, esan du legedia aldatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela. Dena den, ukatu egin du arau horrek jasotzen dituenak direnik ratio errealak. "Batzar Nagusietan hainbatetan esan dut ratio erreala 0,62 langilekoa dela erabiltzaile bakoitzeko". Dena den, zehaztu du itun berrian eskainiko diren zerbitzuetarako zenbat langile beharko den zehaztuko dela baldintzetan.