Lurralde elkargoa

Bizkarra eman diote Lebranchuri Batera-koek

Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa etorri da Angelura, itsasoari buruzko mintegi batera. Batera plataformakoei hurbildu zaie ministroa, baina guztiek bizkarra eman diote, eta Lebranchuk ezin izan du haiekin hitz egin.

Batera-k deituriko protesta. JENOFA BERHOKOIRIGOIN
Jenofa Berhokoirigoin.
2013ko urriaren 18a
13:32
Entzun

Angelura etorri da Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa goiz honetan. Karia horretara, Frantziako Gobernuaren "mespretxua" salatzeko elkarretaratzea egin dute laurogei bat lagunek, Batera-k luzatu deiari eranzunez. Itsasoari buruzko mintegira iristean, Batera-koengana hurbildu da ministroa, baina bizkarra eman diote, eta ezin izan du hitz egin. "Guk ez dugu elkarrizketa errefusatu, gobernuaren partetik jasaten ari garen mespretxua dugu irudikatu", zioen Martine Bisauta Batera-ko kideak elkarretaratzearen bukaeran. Hain zuzen, badu urte bat Lebranchuk hitz eman zuela Euskal Herrira etorriko zela instituzioaren gaiaz hitz egitera, eta sekula ez da etorri.

"Lurralde elkargorik ez"

Euskal lurralde elkargorik ez dela izanen berretsi du Lebranchuk prentsaren aitzinean. "Lurralde elkargorik ez da izanen, baina aterabideak badaude legearen barnean, hitz egin behar dugu".

Barda, Bisautari deitu zion Lebranchuk hitzordu bat proposatuz. Batera-koek errefusatu zuten: "Trufa da, ez da bezperan laurden bateko hitzordua galdetzen... Urte bat eta erdiz landu dugu lurralde elkargoaren proposamena, ez da laurden batez hitz egiten ahal horretaz. Trufa eta mespretxua da berriz ere", Nikolas Blainen hitzetan.

Gai instituzionalaz mintzatzera etorriko dela hitzeman du berriz ere goiz honetan France Bleu irratian. Noiz, ordea, ez da jakina; "agenda betea" duela jakinarazi dio Bisautari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.