Bizkarrezurraren sortzetiko malformazio bat da bizkarrezur bifidoa. Ernaldian bizkarrezurraren orno bat edo gehiago txarto itxi ondoren, bizkarrezur muina hezurren babesik gabe izaten du eriak; hainbat ondorio eragiten dizkie arazo horrek. Lesioa dagoen puntuaren azpitik sentsibilitatea galtzen dute gaixoek, giharretan ahultasuna izaten dute... Horrez gain, likido zefalorrakideoa buruan pilatzen da hainbat kasutan, eta hidrozefalia sortu.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizkarrezur bifidoa edota hidrozefalia duten 500 pertsona daude gaur egun, eta gaixotasunak eragiten dizkien eraginak modu bateratuan artatzen dizkien unitaterik ez dagoela salatu du Asebik. «Jaiotzetik hil arte pairatzen da eritasuna; gaitz kronikoa ez bada hori...», azaldu du Olaia Martin Asebiko psikologoak.
Gaur egun hainbat mediku espezialistengana jo behar izaten dute eriek aipatu gaitzak eragiten dituen arazoak artatzeko, baina mediku horien artean komunikaziorik ez dagoela salatu dute. Ordea, gaixoen beharrak bateratuko lituzkeen koordinatutako unitate batek artatze gertuagokoa erraztuko lukeela nabarmendu dute Asebiko kideek.
Horrez gain, unitate berezi bat sortzeak gaixoaren senideei ere mesede egingo liekeela gogorarazi du Asebik. Alde batetik, ez lukete mediku batetik bestera ibiltzeko beharrik izango, eta, bestetik, laguntza ekonomikoa jasoko lukete. Izan ere, gaitz kronikoentzako hainbat baliabide diruz lagunduta daudela gogorarazi dute: material protesikoa, botika batzuk...
Jaurlaritzarekin batzarrak
Jaurlaritzarekin izandako bileretan jarrera ona antzeman dutela jakinarazi dute, baina gogorarazi dute oraindik ez dutela ezer zehaztu. Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) gaixotasun kronikoak eta arraroak ikertzeko ikerketa institutua egin arren, horrek ekar ditzakeen onurez baliatzeko bizkarrezur bifidoa gaixotasun kroniko gisara izendatu behar dela nabarmendu dute Asebiko ordezkariek. Nafarroan jada pauso hori eman dela nabarmendu dute.
Azaroaren 21ean Bizkarrezur Bifidoaren eta Hidrozefaliaren Nazioarteko Eguna izango da, eta gaitzaren gainean kontzientziatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Asebik.