Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kargudun publikoak zaintzen dituzten bizkartzain pribatuek geldialdiak iragarri dituzte abuztuaren 31tik irailaren 29rako. Gelditze partzialak egingo dituzte; Eusko Jaurlaritzak egin nahi dituen "murrizketa gogorrei" adostutako irtenbidea emateko eskatzen dute.
Geldialdiak 07:00etatik 11:00etara izango dira, abuztuaren 31n eta irailaren 1, 8, 15, 22 eta 29an. Argitu dute ez dituztela mehatxatutako pertsonak egun oso batez babesik gabe utziko, eta gaineratu dute bizkartzainen eskubideak ahalik eta kalte txikiena eraginez aldarrikatzeko balioko dutela geldialdiek.
CCOO eta CSI-F sindikatuek babestu egin dute deialdia. CCOOko iturriek adierazi dute ELA ekimen hauetatik desmarkatu dela, eta ez dutela oraindik UGT eta USOren erantzunik jaso.
CCOOk azaldu du Jaurlaritzak proposatzen dituen murrizketek 500-600 langile ingururi eragiten dietela, eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak bide beretik joko balu kopuru hori milaraino iritsiko litzatekeela. "Oso pozik gaude Euskal Herriko egoera pixkanaka normalizatzen ari delako, baina bizkartzainak langile kolektibo garrantzitsua dira eta denbora tarte bat behar dugu lan alternatibak bilatzeko. Behar dugun gauza bakarra horretarako borondate politikoa da", esan du CCOOk.