Euskal herria

Bizkartzainen zerbitzua "moldatu eta egokitzen" ari direla dio Aresek

Neurriek Jaurlaritzako sailburu eta sailburuordeei eragingo diete. Herrizaingo sailburuaren esanetan, espetxe politika "dinamiko eta malgua" bultzatu behar da, betiere banakako neurrietan oinarrituta. Bizkartzainek elkarretaratzea egin dute Jaurlaritzaren aurrean aurreikusita dauden murrizketak salatzeko. 

2012ko urtarrilaren 12a
15:22
Entzun

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak esan du bizkartzainen zerbitzua "moldatu eta egokitzen" ari direla. Neurriek Jaurlaritzako sailburu eta sailburuordeei eragingo diete. Bizkartzain zerbitzua murriztearen ondorioak enpresei eta langileen ordezkariei dagokien gaia dela adierazi du Aresek, ETBn. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua betiko utzi duela. 

Herrizaingo sailburuak berretsi du espetxe politika "dinamiko eta malgua" bultzatuko dutela, betiere banakako neurrietan oinarrituta. Amnistia Espainiako legeditik kanpo dagoela adierazi du eta ezker abertzaleak "jarrera errealista" hartu behar lukeela, amnistiaz hitz egitea "presoak engainatzea" delako. 

Hilaren 24an Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta biak bilduko dira, eta otsailean Mariano Raxoi Espainiako presidentea eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria. Aresek esan du kartzela politikaz ariko direla, besteak beste.

Bizkartzainek elkarretaratzea egin dute

Ehun bat bizkartzain Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu dira zerbituz honetan aurreikusita dauden murrizketak salatzeko. Hilabete honetan mila lanpostu inguru galduko dira. Bizkartzainek langileekin akordiorik lortu aurretik enplegua berregituratzeko planik ez sinatzea eskatu diote Jaurlaritzari. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.