Despopulazioa

Biztanlerik gabe geratzeko arriskuan daude Pirinioak eta Pirinioaurrea

Despopulatzea eragozteko, Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu Montejurra, Zangozaldea, Erdialdea, Pirinioak eta Pirinioaurrea eskualdeetan.

Bernado Ziriza erdian, gaur goizeko aurkezpenean. IñIGO URIZ
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urtarrilaren 13a
16:37
Entzun

«Nafarroan biztanleria handitzen ari den arren, horrek ez du erran nahi despopulaziorik ez dagoenik». Hitz horiek nabarmendu ditu Bernardo Zirizak, Nafarroako lurralde kohesioko kontseilariak, gaur goizean Iruñean. Nafarroako lurralde ezberdintasunen diagnostikoa aurkeztu du, eta, nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuak hainbat eskualdetan neurriak hartuko ditu jenderik gabe gera ez daitezen. Neurririk premiazkoenak Montejurran, Zangozaldean, Erdialdean, Pirinioetan eta Pirinioaurrean hartuko dituzte. Azken bi eskualde horiek despopulazio arriskua dute.

Zirizak nabarmendu duenez, Nafarroa ez dago despopulatzeko egoera larrian. Emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 bitartean, %0,4 handitu zen Nafarroako biztanleria. Igoera horrek, ordea, ez du benetako errealitatea erakusten: Pirinio eta Ameskoa ibarretan biztanleria gutxitzen ari da.

Biztanleriaren galeraz harago, bertzelako datu batzuek ere erakusten dute zer alde dauden lurraldeko eskualdeen artean. Nafarroa osoko datuak hartuta, kilometro karratu bakoitzeko 67,4 pertsona bizi dira egun. Ibarrez ibar aztertuta, ordea, agerikoak dira haranen arteko ezberdintasunak. Europako Batasunak kilometro karratuko 12,5 biztanle baino gutxiago dituen eremua hartzen du despopulatze arriskuko gunetzat. Nafarroan, Pirinioetan eta Pirinioaurrean dute arrisku hori. Pirinioetan, 4,1 biztanle daude kilometro karratuko; Pirinioaurrean, berriz, 7,7.

Despopulatze arriskurik gabe ere, bertze lau eskualdek biztanle dentsitate txikia dute: Zangozaldeak (14,3), Larraunek (18,8) eta Arga ibarrak (19,9); Montejurra eskualdeak ere biztanleri dentsitate txikia du (16,1 biztanle kilometro karratuko) kanpoan utziz gero bertako herririk handiena —Lizarra—. Iruñerrian, berriz, 1050,3 pertsona bizi dira kilometro karratuko: Nafarroako biztanleen erdiak.

Despopulatzeko arriskurik handiena duten eskualdeek dute, halaber, biztanleria zaharrena: Pirinioek, Zangozaldeak eta Montejurra eskualdeak. Gainera, eskualde horietan dago gizartearen euskarri den biztanleriaren gutxitzea. Hain zuzen, lanerako adinean egon, gizarteari ekonomikoki eutsi, kontsumitu eta zaintzen duen biztanleria da gizartearen euskarria. Txostenean jaso dutenez, despopulatutako guneetan bereziki emakumeek alde egiten dute bertze eskualde batzuetara, trebakuntza handiagoa jasotzeko eta beren eskualdeetan ez duten lan aukeren bila. Horrek areagotu egin du lurralde horietako gizartearen maskulinizazioa.

Aurreko guztiaz gain, bertze faktore batek ere badu eragina Nafarroako eskualde batzuen despopulazioan: migrazioak. Nekazaritza eta nekazaritza industria errotuta dauden eskualdeetan bizi da proportzioan migratzaile gehien. Erriberan, biztanleen %17,1 migratzaileak dira; Erribera Garaian, %20 dira. Txostenak dio migratzaileen kopuru handi horrek ezabatzen duela despopulatze arriskua. Txostenean, dena dela, nabarmendu dute neurriak hartu beharra dagoela biztanleria hori gizarteratzeko. Despopulatze arriskuan diren eskualdeetan dago atzerriko biztanle gutxien: Pirinioetan eta Pirinioaurrean.

Despopulazioari aitzin egiteko neurriak

Gaur aurkeztutako txostenean, despopulatzea geldiarazi eta gizarte kohesioa hobetzeko hartuko dituen hainbat neurri aurreratu ditu Zirizak. Bertzeak bertze, gazteen ekintzailetzarako proiektuak bultzatuko ditu, landa eremuko biztanleriarentzako oinarrizko zerbitzuak ezarriko, hirigunetik landa eremurako komunikazioak hobetuko, eta eskualdeak alor batean espezializatzeko estrategiak sortuko ditu. Nolanahi ere, Zirizak erran du datozen hilabeteetan aurkeztu eta aplikatuko dituztela neurri zehatzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.