Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak jakinarazi duenez, lagun bat atxilotu dute gaur eguerdian Gasteizen, Josu Uribetxebarriaren alde Herrira mugimenduak deitutako elkarretaratzean.
Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkaritzaren aurrean protestan zeuden lagunak identifikatzera hurbildu da Ertzaintza, eta Herrizaingo sailaren arabera, emakume batek Ertzainen kontra egin du. Atxilo eraman dute. Bestalde, gizonezko bat Ertzainak iraintzeagatik auzipetu dute.
Antxon Belakortu Bilduko zinegotziaren esanetan, poliziak "indarrez" sakabanatu ditu bertaratutakoak. Lagun bati borrarekin jo diotela adierazi du Belakortuk.