Erlijioa

Blazquez Bilboko apezpikua hautatu dute Espainiako Gotzainen Batzarreko presidente

Espainiako Gotzainen Batzarreko osoko bilkurak Ricardo Blazquez Bilboko apezpikua hautatu du presidente, ezustean, gehiengo sinplez. Izan ere, azken urteetan kargu horretan izan den Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpikua zen faboritoa, baina, azkenean, ez du eskuratu berriro presidente hautatua izateko beharrezkoa zuen botoen bi herena.

2005eko martxoaren 8a
16:56
Entzun
Gotzainen Batzarreko osoko bilkurako 76 kideetatik 40ren babesa jaso du Blazquezek. Hautatua izaten den lehen aldia denez, gehiengo sinplea nahikoa zuen.

1999tik kargu horren jabe izan den Rouco Varelak, ordea, ordezkarien bi herenen botoa behar zuen hautatua izateko, eta ez du erdietsi helburu hori. Nolanahi ere, boto bakar baten faltan geratu da.

Blazquezen izendapena ezustekoa izan da, atzo Gotzainen Batzarraren osoko bilkura hasi aurretik ia ziurtzat ematen baitzen Rouco Varela aukeratuko zutela berriro ere presidente. Agi denez, ordea, Rouco Varelak abertzaletasunen aurka bultzatu duen jarrerak ondoeza sortu du Espainiako Eliza Katolikoko hierarkiaren zenbait sektoretan, eta horrek bideratu du, hein batean, Blazquez hautatua izatea.

Azken urteetan agerian geratu dira Espainiako hierarkiak eta euskal elizbarrutiek zituzten diferentziak. Esaterako, euskal gotzainek ez zuten sinatu Gotzainen Batzarreko plenarioak abertzaletasuna gaitzetsiz eta pentsaera hori "terrorismoaren" kausa dela baieztatuz onartutako agiria.

Aitzitik, 2002an 'Bakea prestatuz' izeneko pastorala plazaratu zuten; besteak beste, Batasunaren ilegalizazioa arbuiatzen zuen agiri horrek eta elkarrizketa proposatzen zuen bakerako bide gisa.

Bilboko gotzain 1995etik

Ricardo Blazquez 1942an jaio zen, Avilan (Gaztela, Espainia). 1967an egin zen abade, eta 1974tik 1988ra teologia irakasle izan zen Salamancako (Gaztela, Espainia) Unibertsitate Pontifizioan. Urte hartan Santiagoko (Galizia) gotzain laguntzaile izendatu zuten; 1993an Palentziako gotzain eta 1995eko irailaren 8an Bilboko gotzain.

Garai hartan izendapen hark dezenteko eztabaida piztu zuen euskal elizan, zenbait sektoretatik Euskal Herritik kanpoko gotzainak hobestea kritikatu baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.