Euskal Herria

Blokeo egoerari “herri gisa” erantzutera deitu du ETAk

Akordio zabalen alde agertu da, bakearen bidean burujabetzarenean aurrera egiteko. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1905/[/Berriatb]

Berria.info
2013ko irailaren 27a
20:03
Entzun

“Euskal Herritik eta Euskal Herrira begira” jardutea. Hori da euskal gatazka konpontzeko Espainiako eta Frantziako gobernuek ezarri duten blokeo egoera gainditzeko bidea, ETAren aburuz. Gara egunkariak bihar osorik argitaratu eta gaur Naiz agerkari digitalaren bidez aurreratutako agirian azaltzen duenez, Euskal Herriko eragileak eta herritarrak dira “bizikidetza demokratikoaren” oinarriak jarri behar dituztenak, “adiskidetze nazionalean” aurrera egiteko, zauriak konpontze aldera, eta gatazkaren ondorioei eta gatazka armatuarekin lotutako salbuespeneko egoerei heltzeko.

Akordio zabalen alde agertu da ETA, bakearen bidean eta burujabetzarenean aurrera egiteko. Beti ere Naiz-ek zabaldutako agiriaren aurrerapenaren arabera, ETAk aitortu egiten du gatazkaren konponbidea globala izan dadin, beharrezkoa dela estatuen parte hartzea. Horretarako beharrezkotzat jotzen du Euskal Herriko eragile eta herritarrek beren hitza entzunaraztea, estatuek urratsak egin ditzaten. Herri gisa jardutera deitu du eskubide zibil eta politikoen defentsan, presoak eta iheslariak Euskal Herrira itzul daitezen, desmilitarizazioaren aldarrikapenean eta, orokorrean, euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatua izan dadin.

Gudari Egunaren karietara plazaratu du agiria ETAk. Hildako erakundeko kideak eta haren senideak gogoratu ditu.

Omenaldia Zarautzen

Bestalde, Jon Paredes Manot Txiki ETAko kide ohiari omenaldia egin diote gaur Zarautzen. "Justizia eta demokrazia balioetan oinarritu behar da memoria historikoa", esan du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak. Izan ere, oraindik orain Txiki eta Angel Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituen frankismoaren "geneak" agintean daudela salatu du, Espainiako "Amnistia Legea bultzatu zuten berberak". Lege hori, eta ondoren egindako Memoria Historikoarena ere, "puntu eta aparte" egiteko legeak izan dira, Alvarezen esanetan, erregimen frankistaren eta haren ondorengoen zigorgabetasuna bermatu dutenak.

Zarauzko herritar ugari izan dira ekitaldian, Txikiren senideekin batera; haien artean, Juan Luis Illarramendi alkatea, Gari Berasaluze, Aser Lertxundi eta Eider Illarramendi zinegotziak eta Joxean Agirre Sortuko kidea. Ekitaldia hasita zegoela azaldu dira Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, aurreko legealdian kargu bera zuen Maixabel Lasa, EAJko batzarkide Markel Olano, eta Imanol Lasa eta Patxi Elola Zarauzko EAJko eta PSE-EEko zinegotziak.

Ekitaldi hasieran Alvarezek esan du faltan sumatu duela Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza —iaz joan ziren lehen aldiz—, baina ez han egotea "marketin hutsa" bada. "Gure jendea ohoratzea, bere bizitza eta ekarpena goratzea ez da egun bakarreko kontua", esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.