Politika

«Blokeoa gainditzeko» autodeterminazioaren aldeko mobilizazioak hiriburuetan

Baionan, Suprefeturaren aurrean, elkarretaratzea egin da gaur goizean, prozesua blokeotik aterarazi behar dela eta horretarako gakoa "euskal herritarraten hitza eta erabakia aitortzea eta errespetatzea" dela aldarrikatzeko. Iruñean, berriz, mila bat lagunek zabaldu dute aldarrikapen bera erdialdeko kaleetan.

2006ko irailaren 30a
18:50
Entzun
Bilbon, Donostian eta Gasteizen eremanifestazioak egingo dira Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean. Donostian seiak pasatxo zirelaabiatu da Bulebarretik; Bilbon sei eta erdiak inguruan Jesusen Bihotzetik, eta Gasteizen 19:00etan da abiatzekoa Andra Mari Zuriaren plazatik.

«Blokeo egoeraren arduradun nagusia PSOE da», mobilizazio horien deitzaileen esanetan, «negoziazio prozesua denboran luzatzeko eta desitxuratzeko saioan murgildu delako». Egoera honen erantzukizuna EAJk ere baduela dio oharrak, «PSOEren eskutik aritu delako konponbide demokratikorako prozesuaren beharrei bizkar emanez». Deitzaileek «blokeo egoera gainditu eta aurrera egiteko asmoz lanean ari» direla nabarmendu zuten.

Aurrera egiteko «ardatza» euskal herritarren hitza eta erabakia «aitortzea eta errespetatzea» dela jasotzen du oharrak, eta hori «prozesuaren alde eginez» lortzen dela zehaztu zuten: «Prozesu honek herritar guztion babesa eta sostengua behar du, ez eragile batzuen parte-hartzea bakarrik. Hori erakusteko aukera paregabea dira autodeterminazioaren aldeko manifestazioak».

Ezkerreko eta abertzale diren hamarnaka kidek egin zuten hilaren 20an manifestaziorako deia, Donostian egindako agerraldian. Haien artean ziren Txomin Ziluaga, Amparo Lasheras, Marije Fullaondo, Patxi Urrutia, Iñaxio Agirre eta Pepi Gorostidi, besteen artean. Julen Kaltzadak eta Espe Iriartek hitz egin zuten guztien izenean, eta autodeterminazioaren aldeko dinamika martxan jartzeko arrazoiak azaldu zituzten, eta helburu «zehatz bat» dutela nabarmendu zuten: «Gatazkaren konponbiderako gutxienekoak herri honi dagozkion eskubide demokratikoak direla azpimarratzea».

Garzonen debekurik ez

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek gaurko manifestazioak ez debekatzea erabaki zuen atzo, auto bidez, manifestazioaren deitzaileek Batasunarekin «inolako harremanik ez» dutela iritzita. Dignidad y Justicia elkarteak egin zion Fiskaltzari manifestazioa galarazteko eskaria. «Ezkerreko eta abertzale diren herritar talde batek» egin zuela deialdia, baina horien artean «Batasuneko hainbat kide» zeudela argudiatuta egin zuen elkarteak debeku eskaria.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak herenegun adierazi zuen ez zuela manifestazioa debekatzeko «arrazoirik» bilatu. Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak egindako txostenetan oinarritu zen fiskaltza bere erabakia emateko. Polizia txostenek ez zuten «lotura objektiborik» sumatzen Batasunaren eta manifestazio deitzaileen artean.

Baltasar Garzonek fiskaltzaren erabakia berretsi zuen atzo, «ekintza horiek Batasunaren jarduera etetearekin zerikusirik ez» dutela esanez. Garzonen autoaren arabera, «inon ez da ageri» deitzaileek Batasunarekin «harreman organikorik» dutenik. «Une honetan ez dago manifestazio horiek galarazteko bide legalik. Manifestazio horien ondoren istiluak egongo balira, orduan ireki beharko lirateke diligentziak», dio Garzonen autoak. Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari manifestazioak zaintzeko eskatu die Garzonek, «baimenaren mugak gaindi ez daitezen segurtatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.