Iragan astean hasi ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen 76 euskal herritar: 40, Segi gazte antolakundea zeneko kide izatea egotzita; beste 36, berriz, herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita. Horiez gain, 110 herriko tabernatako ordezkariak ere auzipetuak daude.
Gaur, auzipetuetako ugarik agerraldi bat egin dute, epaiketak salatzeko asmoz bihar Bilbon egitekoak diren mobilizaziora joateko deia egiteko. Euken Villasante, Maialen Eldua, Olatz Izagirre, Asier Coloma, Karmelo Landa, Agus Rodriguez eta Idoia Arbelaitz.
Elduaren esanetan, Auzitegi Nazionala "jarduera politikoak" eta "militantzia politikoa" ari da epaitzen: "Politikaren kontrako erasoak dira, beraz". Villasantek gogoan izan ditu gazteen aurkako epaiketan azaleratutako tortura salaketak: "Badakite torturatu gintuztela, instrukzio dena baliogabetu behar dute". Auzitegiak onartu egin zuen gazteak polizien adierazpenetan presente ez egotea; "horrek erakusten du badakiela, ezagutzen duela, gutako 30 torturatu egin gaituztela", ondorioztatu du.
Landak, berriz, nabarmendu du "pertsona libreak herri librean" izan nahi dutela: "Jarduera politikoaren kontrako eraso hauek politikoki aztertu behar ditugu. Espainiar estatua deseroso dago Euskal Herrian irekitzen ari den aro berriaren aurrean gauzak horrela, uste du errepresioaren bidez aldaketa eragozten ahal duela, zapuzketa eraginez, ilusioak itzaliz eta etsipena zabalduz".
Bihar Bilbora joatera deitu du Landak: "Estatuaren blokeoa gainditzeko asmo osoa dugu: arrazoi juridiko eta politikoa eskuratuz eta herritarren mobilizazioaz". Haren esanetan, "herri gisa" erantzuteko garaia" da.