Goizarekin batera, Chavezen heriotzaren inguruko erreakzioak hasi dira Amerika ez beste kontinenteetan ere:
Herman Van Rompuy eta Jose Manuel Durao Barroso (Europako Kontseiluko presidentea eta Europako Batzordeko presidentea): "Europako Batasunak tristuraz jaso du Hugo Chavez Venezuelako Errepublika Bolivartarreko presidentearen heriotzaren berria. Garapen sozialarengatik eta Hego Amerikako integrazioari eginiko ekarpenarengatik nabarmendu da Venezuela".
Mahmud Ahmadineyad (Irango presidentea): "Latinoamerikako historia loriatsu eta tragikoko borrokalari eta iraultzaile guztien ikurra da Hugo Chavez".
Guido Westerwelle (Alemaniako Atzerri ministroa): "Hugo Chavezen heriotza aldaketa sakona da Venezuelarentzat. Haren familiaren saminean eta Venezuelako herriaren doluan laguntzen ditugu".
Vladimir Putin (Errusiako presidentea): "Gizon aparta zen, indartsua, etorkizunera begiratzen zuena eta beti bere buruari helbururik zailenak ezarri zizkiona".
François Hollande (Frantziako presidentea): "Bere izaeraz eta joerez harago, justiziaren eta garapenaren alde borrokatzeko borondate zalantzaezina erakusten zuen".
Espainiako Gobernua: "Iberoamerikan eragin handia izan duen pertsona politikoa hil da".
Nabil Shaat (Palestinako Al-Fatah alderdiko Nazioarteko Harremanen burua): "Palestinak agur esaten dio lagun leial bati, zeinak gure askatasuna eta autodeterminazioa defendatu zuen. Duintasunari egin dion ekarpenak ez zuen mugarik, eta arabiar mundu osoaren bihotz eta buruetara heldu zen".
Hua Chunying (Txinako Atzerri ministroa): "Bere agintaldian, ekarpen garrantzitsua egin zion Txina eta Venezuelaren arteko lankidetza eta laguntasun harremanari".