Bolognaren itzalpean

Ikasleen Nazioarteko Egunaren harira, ikasle taldeak kritiko agertu dira Europako unibertsitateen erreformaren ezarpenarekin

mikel rodriguez
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ikasleen Nazioarteko Eguna da gaur, hilaren 17a. Euren aldarrikapenak indar bereziz azaleratzeko baliatuko dute egun hori mundu guztiko milioika ikaslek. Europan, berriz, herrialde gehienetan Bolognako prozesuaren itzalpean igaroko da egun hori, eta Euskal Herria ez da salbuespena izanen. Izan ere, unibertsitate gehienetan 2010-2011ko ikasturte honetan paratu da martxan Bolognako eredua. Gaur, protesta eta ekimenentzako eguna izanen da, bai Bolognaren inguruan, bai ikasleen bertze aldarrikapenen alde. Iruñean, adibidez, LABek, Sortzen Ikasbatuaz-ek, Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) eta Ikasle Abertzaleek elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Parlamentuaren aitzinean (19:00), Hezkuntza sistema erabakitzeko eskubidearen alde, inposaketarik ez! lelopean. Era berean, Ikasle Abertzaleek ekimen ezberdin eta anitzak eginen dituzte ikastetxe eta fakultateetan.

Euskal Herriko ikasle talderik handiena, Ikasle Abertzaleak, hasieratik izan da kritiko Bolognako prozesuarekin. Gaur egun, prozesuaren «lorratz batzuk» bertzerik ez direla ikusten uste dute Ikasle Abertzaleek. «Inposaketaren bidean aurrera egiten duten heinean, ordea, ondorioak gero eta nabarmenagoak izango dira». Bolognako prozesuaren aurka eduki duten jarrera unibertsitateetan egin duten borrokaren «ikur nagusia» izan da Ikasle Abertzaleentzat, eta «fakultatez fakultate, unibertsitate ezberdinetan» ereduaren alde emandako pauso bakoitzaren aurka «altxatu eta gogor borrokatzen jarraituko» dutela jakinarazi du Haizea Solagurenbeaskoa Ikasle Abertzaleetako kideak.

Lurgorri ikasle taldea, berriz, ez da Bolognako prozesuaren aurkakoa, baina bere aplikazioarekin «eszeptiko» dago. «Ongi aplikatuz gero, positiboa izan daiteke, baina horretarako finantzaketa beharrezkoa da, eta ez dira nahikoa bideratzen ari», dio Lurgorriko kide Aratz Castrok. Castroren iritziz, ikerkuntzari arreta jartzen zaio, baina irakaskuntza alde batera uzten ari dira.

Ikasle Abertzaleak eta Lurgorri bat datoz puntu batean: arduradunek ez dute prozesuari buruz nahiko informazio eman. Ikasle Abertzaleek «behin eta berriz» salatu dute hori. «Unibertsitateko goi kargudunek modu publikoan egin dutela dioten arren, soilik aldaketaren beharra jarri dute mahai gainean, ez aldaketaren nolakotasuna eta moduak». Lurgorriren ustez, ikasleari ez zaio jakinarazi Bolognak nola eraginen dion egunerokotasunean. «Ordutegiak gehitu edo gutxituko zaizkion, horren eraginez klaseetara gehiagotan agertu beharko duen, Bolognak eskatzen duena nola bateratuko den ikasleen eskubideekin...». Horregatik, Lurgorrik informazio kanpaina bat egin du, batez ere Euskal Herriko Unibertsitatera (EHU) bideratuta. Bolognari buruzko hogei galdera «orientagarri» egin, eta sakelakoan eskuragarri jarri ditu ikasleentzat. «Unibertsitatearen laguntza eduki dugu kanpaina egiteko, baina uste dugu unibertsitateak berak bere kabuz egin beharko lukeela hori», azaldu du Castrok.

'Full time' ikaslea

1999an Bolognako Hitzarmena sortu zenetik, Europako unibertsitateak pixkanaka erreformari begira jarri ziren. Gaur egun, Ikasle Abertzaleen iritziz, «eraginik nabarmenena» full time ereduaren ezarpenarekin nabaritu da, hau da, «24 orduko ikaslearen eredua». Ikasturte honetan unibertsitatean hasi diren ikasleak «pedagogia berriaren izenean», lan karga «bereziki handia» izaten ari dira, Solagurenbeaskoaren arabera, eta ikasgelako orduetatik kanpo ikasketentzat denbora anitz bideratu behar dutela salatu dute. Lurgorri ere kezkatuta dago eredu horrekin. «Bai graduan, bai graduondokoan, unibertsitateak ikaslearen aldizkako presentziaren alde egin dezan bilatzen dugu. Hau da, baliabideak jarri behar ditu ikaslea klasera joatera ez behartzeko».

Bolognako prozesuari hiru kritika nagusi egin zitzaizkion bai Euskal Herrian, bai handik kanpo: pribatizazioaren aldeko jarrera, hezkuntza merkantilizatzekonahia eta ikasketak garestituz elitizazioa bilatzea. Ikasle Abertzaleen iritziz, Euskal Herriko unibertsitateak ez dira «erabat pribatuak» eta «ez diete soilik interes ekonomikoei erantzuten». Hala ere, pribatizazioaren arriskua agerikoa dela uste du Solagurenbeaskoak. «Geroz eta enpresa gehiago ditugu masterren bidez muturra sartu nahi dutenak». Lurgorri kezkatuta dago Eusko Jaurlaritzak EHUko kredituen prezioa %17tik %30era igo duelako. Castroren ustez, igoera hori ez du «ezerk» justifikatzen. «Inguruko unibertsitate publikoetan, Nafarroakoan igo dira gehien, eta %17 gehienez». Castrok uste du kredituen prezioen igoerak EHUren pribatizazio arriskua salatzen dutenei «haizea ematen» diela. Hezkuntza merkantilizatzeko joera dagoela diotenekin, EHUn bederen, halakorik ez dela gertatu dio Castrok. «Merkantilizazioa ikasketa planak enpresek diotenara bideratzea bada, hori ez dela gertatu esan behar dut, EHUko ikasketa planen egituraketan egon bainintzen ni».

Bolognak sortutako kezkak, oro har, globalak dira Europan, baina Euskal Herrian bada ezinegona sortu duen auzi jakin bat: euskara. Ikasle Abertzaleek salatu dute EHUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) euskararen presentzia «itzalean» dagoela. «Ez ikasgeletan, ez edukietan, ezta zerbitzuetan ere ez da euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea bermatzen». Bolognak egoera larritu dezake, haien iritziz, «eleaniztasunaren izenean», gaztelania eta frantsesaz gain, hizkuntza gehiago sartuko baitira euskal unibertsitateetan. Lurgorrik ere kezka berbera du euskararekiko. «Beldur gara EHUk ez ote duen ingelesezko irakasgaiak sortzearen alde egingo, euskarazko eskaintza bermatu gabe».

Parte-hartzea eta elkarlana

Erronka handiei aurre egin behar die ikasle mugimenduak. Baina zein da ikasleriaren erantzuna? Ikasle Abertzaleek uste dute «jarrera indibidual eta sumisoa» gero eta nabarmenagoa dela eta hori hezkuntza ereduaren ondorioa dela. «Ikasleria akritiko eta pasiboa nahi dute, biharko langile prekarioa izango dena gizarte sexista eta kontsumista batean». Lurgorrik ere uste du parte-hartzea eskasa dela, eta bi faktore nagusi ikusten ditu horren gibelean: «Alde batetik, agian ez dugu asmatu ikasleengana iristerako orduan, eta, bestetik, gizartea bera ez dago beste garai batzuetan bezain mobilizatuta».

Ikasle mugimendua bizirik mantentzeko, elkarlana ez dute baztertu ikasle taldeek. Lurgorrik azaldu du «normalean» Ikasle Abertzaleekin dutela harremanik gehien, EHUko organoetan daudelako. «Zenbait arlotan bat ez gatozen arren, harreman ona dugu». Ikasle Abertzaleek, berriz, bertze ikasle taldeekin elkarlanerako «ateak beti irekia» dituztela diote. «Haiekin bezala, Euskal Herriko gazte mugimenduko bestelako taldeekin ere elkarlana dugu».



EHUko ikasleek hauteskundeak eginen dituzte Ikasle Egunaren biharamunean

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleek hauteskunde eguna dute bihar. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetako fakultate bakoitzean Ikasleen Batzarrerako eta Klaustrorako ordezkariak hautatu beharko dituzte. Hauteskundeak Nazioarteko Ikasle Egunaren biharamunean dira, beraz, gaur gogoeta eguna dute EHUn. Horren ondorioz, hautagaitza aurkeztu duten ikasle taldeek gaur ezinen dute inolako ekitaldirik egin. Ikasle Abertzaleek gogor salatu dute erabaki hori, Gasteizko campusean atzo egindako agerraldian. Hauteskundeak hilaren 18an jarrita, EHUk Ikasle Abertzaleen zerrendei helegitea jartzeko «mehatxua» egin duela uste dute. Estrategia «zentsuratzaile» horren «antzutasuna» azpimarratu du ikasle taldeak. Egun bat «bahitu» arren ez direla «burumakur» geldituko ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.