Atentatua

Bonba-auto bat zartarazi dute Durangoko Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan

Bi guardia zibil arin zauritu dira, eta dagoeneko senda agiria jaso dute. Kalte material handiak eragin ditu kuartelean eta inguruetan; besteak beste, kuartel-etxeko 16 etxebizitza eta 10 ibilgailu hondatu ditu . Joan Mesquida Guardia Zibileko zuzendariak agertu du 80-100 kilo lehergairekin osatu dutela bonba. Ekainaren 6an su-etena hautsi ondoren, ETAk gauzatutako lehen atentatua litzateke.

2007ko abuztuaren 24a
14:53
Entzun
Goizaldeko hiru eta erdiak aldera lehertu da bonba-autoa, lehergaiz betetako C-15 furgoneta bat, Durangoko (Bizkaia) Guardia Zibilaren kuartelaren ondoko aparkaleku batean. Bi guardia zibil zauritu dira eztandaren ondorioz, beira zatiek-eta egindako ebakiekin. Hala ere, zauri arinak dituzte biek, eta Galdakaoko erietxera eraman badituzte ere, zortziak inguruan senda agiria eman diete.

Inguruko bizilagunen arabera, leherketa handia izan da. Han zuzen ere, burrunba ozena eragin du, eta Urkiaga Torre kaleko bizilagun ugari kalera atera dira, "susto itzelarekin". Kalte material handiak eragin ditu atentatuak, kuartelean zein inguruko etxe eta ibilgailuetan. Kuartel-etxeko 16 etxebizitza guztiz suntsitu edo ez erabiltzeko moduan utzi ditu, eta hamar ibilgailu txikitu. Inguruko etxeetan leiho eta ateak hautsi ditu, eta pitzadurak agertu dira zenbait eraikinetan.

Durangon bonba-autoa lehertu eta ordubete ingurura, auto bat kiskali da Zornotzan (Bizkaia). Poliziak uste du atentatuaren egileek ihes egiteko erabili duten autoa dela, eta aztarnak ezabatzearren kiskali dutela.

Polizia iturriek ETAri egotzi diote segituan atentatua. Erakunde armatu horrek egindakoa balitz, ekainaren 6an su-etena bertan behera utzi zuenetik gauzatzen duen lehenengoa litzateke.

Mesquidaren azalpenak

Joan Mesquida Guardia Zibileko zuzendari nagusia Durangon da, eta atentatua izan den lekua bisitatu eta ikerketako arduradunekin egon ondoren, bonba-autoa 80-100 kilo lehergairekin osatu dutela agertu du. Lehergai zehatzik ez du aipatu, "mota ertainekoa" dela baino ez. Egileei dagokienez, ETA izan dela ziurtatu du Mesquidak, zenbait lagunek parte hartu dutela, atzerako martxan sartu direla kuarteleko aparkalekura bonba-autoarekin, eta, ondoren, handik atera eta beste ibilgailu batean sartu direla. Ibilgailu hori gero Zornotzan kiskalita agertu dena dela uste du Guardia Zibilak.

Hain justu, Zornotzan agertutako auto horrek Portugalgo matrikula zuela baieztatu du Mesquidak, eta, hortik ondorioztatu du ETAk azpiegitura duela Portugalen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.