Bonba-autoa zartarazi du ETAk EITBren Bilboko egoitzan

Eztandak ez du inor zauritu, baina kalte material handiak eragin ditu. 10:00ak inguruan ETAren izenean ari zela esan duen norbaiten deia jaso dute Bilboko suhiltzaileek, lehergailuari buruzko xehetasunak emanez, eta EITBren egoitza, Termibus geltokia eta inguruko beste bulego batzuk hustu egin ditu Ertzaintzak. Hala ere, ez dute bonba-autoa indargabetzeko aukerarik izan. Arrigorriagako mendi batean aurkitu dute furgonetaren jabea, arbola bati lotuta.

2008ko abenduaren 31
17:49
Entzun
ETAren izenean deitu duen lagunak abisatu bezala goizeko hamaikak pasatxo zirela lehertu da EITBren Bilboko egoitzaren atzealdean jarritako bonba-autoa,polizia iturrien arabera, 100 kilo lehergaiz betetako Citroen Jumpy furgoneta bat. Ordurako, EAEko irrati eta telebista publikoaren egoitza nagusia, Termibus autobus geltokia eta ondoko beste zenbait bulego -Bizkaiko Ogasunarena,'El Mundo' eta 'Deia' egunkarienak, Antena 3ena eta Onda Cerorena- hustu egin ditu Ertzaintzak, eta San Mames atzealderaino joanarazi ditu langileak. Lekukoen arabera, eztanda handia izan da, kalte handiak eragin ditu EITBren egoitzan, baina inor ez du zauritu. Fatxada kristalezkoa denez oso hondatuta geratu da. Halaber, urduritasun une handiak bizi izan dira.

Bilboko eremu horretan jende asko ibiltzen da ohikotan, eta gaur goizean erdi jaieguna izanik, are eta gehiago. Ondorioz, nahasmen handia sortu da. Besteak beste,Termibus autobus geltokia hustu egin dute, eta 12:30 inguru arte ezin izan dute berriro zerbitzua ematen hasi. Zerbitzu etete horrek endredo handiak sortu dizkie herritar askori, haien autobusak atzerapen handiz atera baitira.

Goizeko hamarrak inguruan ETAren izenean ari zela esan duen lagun baten deia jaso dute Bilboko suhiltzaileek. Hamaiketan EITBren egoitzan lehergaiz betetako furgoneta zartatuko zela ohartarazi du. Halaber, Arrigorriagako (Bizkaia) mendi batean zegoela furgonetaren jabea, arbola bati lotuta. Gizonezko hori esandako lekuan aurkitu dute ertzainek.

EITBko langileak eta ondoko bulegoetakoak egoitzetatik aterararazten hamarrak eta laurden inguruan hasi da Ertzaintza, eta presa handiz irtenarazi ditu. Lehendabizi kanpoaldean geratu dira, baina gero asko urrunarazi dituzte: San Mames atzealdean edo Injenieritza eskola ondoan babesteko eskatu diete, eta EITBren egoitzaren inguru guztia eremu zabal batean hesitu dute. Ondoko eraikinetako bizilagunei leihoak eta pertsianak ixteko eskatu die Ertzaintzak.

Leherketa gertatu baino lehenago aurkitu dute bonba-autoa ertzainek, baina indargabetzeko astirik ez dute izan artezilariek, eta esan bezala, lehertu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.