Bonba bat lehertu du ETAk Zornotzan, enpresaburu baten etxearen atarian

Herrizaingo Sailak bi kilo leherkariz osatutako bonba ETAk jarri duela baieztatu du. Kalte material txikiak eragin ditu eztandak. Goizeko ordubatean izan da gertaera, Betarragane kalean.

2009ko martxoaren 26a
18:26
Entzun
Zornotzako (Bizkaia) txalet baten atarian bonba bat lehertu du ETAk gaur goizeko ordubatean eta kalte material txikiak eragin ditu. Ertzaintzak dioenez, bi kilo leherkari zituen bonbak. Etxe atariko hormaren kanpoaldean jarri dute. Hor izan dira kalteak, baita txaleteko lanabesen kasetan ere.

Herrizaingo Sailak leherketaren egilea ETA izan dela baieztatu du. Ekintzaren egileek ez dute abisatu bonba zegoenik, polizia iturriek diotenez.

Betarragane kalean dago etxebizitza, eta enpresaburu bat bizi da: Jose Manuel Arana. Astilleros Murueta enpresako presidentea da. Leherketaren unean etxebizitza barruan zegoen Arana.

Zornotzako Udalak ezohiko udalbatzarra egin du goizean, eta aho batez gaitzetsi dute atentatua. Aranak "herrian aberastasuna sortzeko" lan egin duela azpimarratu du David Latxaga (EAJ) alkateak, hautetsi denean izenean. EAJ, EA, PSE-EE, PP eta EBk osatzen dute Udala -udal hauteskundeetan EAE-ANV baliogabe utzi zuen Espainiako Justiziak-.

Enpresarien elkarteek ere gaitzetsi dute erasoa.

Astilleros Murueta enpresa

Astilleros Murueta enpresa 1943. urtean sortu zuten eta ordutik 170 itsasontzi baino gehiago eraiki ditu. Muruetan (Bizkaia) kokatua dago enpresa, Bilbotik 40 kilometro ingurura.

Enpresak eraiki zuen lehenengo itsasontzia Punta Begoña izenekoa izan zen eta ordutik mota askotako ontziak eraiki dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.