1936ko gerran gertatu zen eraso hura; historian aurrenekoz, zibilak zituzten aire erasoen jomugan. 336 lagun hil eta ehunka zauritu zituzten, eta horiek omendu dituzte Durangoko hilerrian eginiko ekitaldi batean. Bertan izan dira hainbar ordezkari politiko; besteak beste, Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Eusko Jaurlaritzako Bitimen Zuzendaritzako aholkulari Enrique Ullibarriarana, PSEko idazkari nagusi Idoia Mendia eta Durangoko alkate Aitziber Irigoras.
Gerediaga elkarteak eta udalak antolatu dituzte urteurrenaren harira prestatutako ekitaldiak. 08:30ean, Santa Maria basilikako kanpaiak jo dituzte, gogoraraziz hala egin zutela 1937ko martxoaren 31n, herritarrei bonbardaketez ohartarazteko.
PPren abstentzioa
Durangoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du bonbardaketen urteurrenaren harira, eta bertan, abstentziora jo du Juanjo Gastañazatorre PPko zinegotziak. Horren harira, Nerea Llanos Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko idazkari nagusiak esan du "aski" dela, "etengabe" ari zaizkiola PPri eskatzen Frankismoa gaitzesteko, eta hala egin dutela "erakunde guztietan".
Horrez gain, zehaztu du PP ados dagoela udalaren adierazpenaren hainbat punturekin, baina "zalantzak" zituela egiaren, justiziaren eta erreparazioaren batzorde bat osatzeari buruzko puntuarekin. Llanosen esanetan, "ez zen azaldu" zertan zetzan puntu hori.