Bonbereneak irekita segituko duela esan du alkate berriak

Bonberenearen ataria. LANDER F. ARROIABE / ARP.
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Tolosako Bonberenea gaztetxeak bere horretan jarraituko du. Tolosako alkate Ibai Iriartek (Bildu) adierazi duenez, San Esteban eta Laskorain Goikoa auzoen gunea «estrategikoa» da, herrian urbanizatu gabeko azken txokoa. Hortaz, ez du onartuko Jokin Bildarratz jeltzaleak azaroan eremu hartarako aurkeztu zuen hirigintza plana, zeinak 116.000 euroko aurrekontua eta 1.000 etxebizitzaren eraikuntza aurreikusten zituen. Bonberenea aintzat hartu zen arren, eraitsi eta beste nonbaiten berreraiki beharko zela ere iragarri zuten.

Egitasmoa «zaharkitutzat» jo, eta hauteskundeen aurretik legez, orain ere kontra egingo dutela berretsi du Iriartek. Herritarren parte hartzearen bidez diseinatu nahi dute alternatiba, gaztetxea bere horretan uzte aldera: «Guretzat ez da lastre bat», dio, «kultur lapiko gisa oso eraginkorra den gune askea baizik». Bonberenearen tankerako gune aske eta dinamikoak libre utzi behar direla uste du, eta astakeriatzat jo du Kukutzakoa: «Narkotrafikante batena zen eraikinaren zein erabilera hobe, kultura baino?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.