Nicolas Bonnemaison Baionako Ospitaleko medikua behin-behinean aske mantentzea erabaki du Paueko Epaitegiak. Baionako prokuradoreak eskatu zuen medikua karzelatzea, baina Paueko auzitegiaren erabakiaren ondorioz, aske jarraituko du Bonnemaisonek. Ikerketak, berriz, aurrera jarraitzen du.
Gaixoak "pozoituz" eutanasia aktiboa praktikatzea leporatzen dio Marc Mariee Baionako prokuradoreak. Abuztuaren 11n atxilotu zuten Bonnemaison, eta harrezkero hainbatek elkartasuna adierazi diote, eta ustez pozoituta hildako erietako baten senarrak babestu egin du. Ustez pozoituta zendu ziren lau gaixoen familien testigantzak entzuten dihardute ikerketa egiten ari direnak.
Medikuen elkargoak Bonnemaisonen aurkako salaketarik ez jartzea erabaki zuen aurreko astean. Frantziako elkargoko buruek, ordea, salatzeko eskatu zuten, eta kasua medikuen diziplina aretoak aztertzea nahi dute. Auzibideari paraleloki, erietxeetako administrazioa ere ari da ikerketa egiten, Baionako ospitalearen lan egiteko manera eta antolaketa nolakoa den aztertzen.