Gaur goizean bukatu da Nicolas Bonnemaison Baionako ospitale publikoko mediku ohiaren epaiketa, Bonnemaisonen beraren hitzartzearekin. Eskerrak eman dizkie familia, senide, erizain, emazte eta sostengu taldeari. Bide beretik, hildakoen familiak izan ditu gogoan, eta zehaztu du prest agertzen dela, familiek nahi izanez gero, haiekin bildu eta hitz egiteko.
Txalo artean eman du ebazpena zinpeko epaimahaiak. Bonnemaisonek ez du adierazpenik egin irteeran, baina irrifartsu atera da auzitegitik. Ikusteke dago orain zertan geratzen den mediku gisa jarduteko sendagileen kolejioak ezarritako debekuarekin. "Lasaitu bat da, garaipen bat", esan du Bonnemaisonen abokatu Arnaud Dupinek, eta nabarmendu du orain "beste borroka bat" hasten dela: "Berriro ere medikuntzan jardutearen aldekoa".
Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroak ere absoluzioa izan du hizpide: "Justiziazko erabaki bat da, gizatasun erabaki bat".
Marc Mariee prokuradoreak bost urteko zigorra eskatu du Bonnemaisonentzat. Ekainaren 11n hasi ziren Bonnemaison epaitzen, Paueko Krimen Auzitegian. Zazpi eri pozoitzeaz akusatzen dute. Mediku ohiak ez ditu akusazioak ukatu. Auzia beste bat da: legea bete ote zuen edo ez, eta legea betetzea posible ote den.
Izan ere, erien eta hilzorian diren pertsonen eskubideak arautzen dituen Leonetti legea dago eztabaidaren muinean. Legeak dio medikuek lagundu ditzaketela hilzorian diren pertsonak, sedatuz eta sufrimendua saihesten lagunduz. Baina, horretarako, erien senideekin eta gainerako medikuen hitz egin behar dute aurrez. Epaiketaren lehen egunean, Bonnemaisonek lankide eta senideei ez zien ezer esan. Baina zehaztu zuen haientzat “kulpa iturri” izango zela halako erabaki bat hartzea, eta erruduntasun eta zama hori saihesteko ez ziela ezer esan.