Bono: «Amaiurrek taldea izateko eskubidea du»

Gaur osatuko da Kongresuko Mahaia, eta hark erabakiko du Amaiurrek taldea izango duen edo ez

Erredakzioa
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«ETAren lagunek» talde propioa izateko eskubidea dutela ohartarazi du Jose Bonok, Espainiako Kongresuko jarduneko presidenteak.Beregatik balitz inondik inora talderik ez luketela izango azpimarratu ostean, Amaiurrek horretarako «eskubide zilegia» duela nabarmendu du, Kongresuko zerbitzu juridikoekin kontsulta egin ostean.

Taldea osatzeko, hautagaitza aurkeztutako lurralde guztietan botoen %15 lortu behar dira, edo estatu guztian, %5. Bigarren aukera hori zaila du Amaiurrek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erraz lortu du %15, baina Nafarroan %14,86 ditu. Bonok dio Nafarroako hautetsi Sabino Cuadra talde mistoan utzi eta gainerako sei ordezkariekin taldea osatzeko aukera duela koalizioak. Amaiurrek ez du halakorik nahi, ordea. Izan ere, antzeko kasuak izan direnean taldea osatzen utzi izan diete beste alderdi batzuei; esate baterako ERCri 2004an.

Odon Elorza PSE-EEko diputatuaren iritzian, berriz, taldea izan behar luke Amaiurrek, «hainbat arrazoirengatik». «Baketze eta elkarbizitzaren berreraikitze» prozesua martxan dela gogora ekarri du. Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuak, bestalde, arauak betetzeko daudela esan du, eta Mahaiak hura aplikatu beharko duela.

Gaur osatuko da Kongresuko Mahaia, eta hark erabakiko du taldea izango duen edo ez. PPk izango du gehiengoa. Jesus Posada izango da lehendakaria; horrez gain, PPk lau ordezkari izango ditu; PSOEk, hiru, eta CiUk, bi. Hain justu, taldeari buruz hitz egiteko bilerak egiten ari dira Amaiurrekoak atzo eta gaur, ordezkaritza duten gainerakoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.