Espainiako monarkia 1931ko apirilean desagertu zen, oposizioak adostasunez hala onartuta, hain zuzen, ustez garrantzirik gabeko udal hauteskunde batzuen ostean, Bigarren Errepublika ezarri baitzuten eta eraldaketa demokratikoen epea zabaldu baitzen. Eibarren aurreratu ziren.
Baina 1933an eskuinak hauteskundeak irabazi, eraldaketa demokratikoak mantsotu, eta 1936ko uztailean eskuin berak estatu kolpea eman zuen. Alfonso XIII.a Borboikoak, 1931n babes bila Madril utzi eta Parisera joan zenean, etorkizuna aurreikusi zuen honako hau esan zuenean: "Kontzientzia kolektiboaren adierazpen egiazkoa eta egokia ezagutu zain nago, eta nazioak hitz egin bitartean Errege Boterearen jarduna nahita eteten dut".
1936ko kolpistek ere "egiazko kontzientzia" erabili zuten argudiotzat urte horretako otsaileko hauteskunde emaitzei zilegitasuna kentzeko. Hala eta guztiz, inoiz ez da erreferenduma egin monarkiaren itzulera babesteko edo ukatzeko. Nazioak ez du inoiz hitz egin.
Alfonso XIII.a Erroman hil zen eta haren biloba Juan Carlos, 10 urte bete arte Italiako hiriburuan eta Portugalen bizi izan zena, aukeratu zuten Francoren oinordeko hura hil zenean, 1975ean. Karlistak haserretu egingo ziren beldur, badaezpada ere, Juan Carlosek anaia Alfonso, aitonaren izena zuena, tiroz hil zuen. Zabaldutako zurrumurruaren arabera, Donostian erail zuen. Ez da egia. Portugalen izan zen, 1956ko martxoan. Francok Alfonsoren heriotza baino lehenago hautatu zuen Juan Carlos.
Alfonsoren seme eta Juan Carlosen aita Juanek hitzartu zuen oinordekotza Francorekin, eta bi urte geroago, uko egin zien bere eskubideei. Hirugarren aldiz ezarri zen Espainiako monarkian ildo borboitarra, 1700. urtean penintsulan ezarri zenetik.
Frankismoak iraun zuen artean, Alfonsoren aldekoek diktadorearen eta oinordekotza beretzat zela zioen Alfonso XIII.aren seme Juan Borboikoaren arteko bitartekari lana egin zuten, azken hura Portugalen erbestean zela. Francok udako oporrak Donostian pasatzeko hartutako erabakiak, besteak beste, eragin zuen 1948ko abuztuan diktadoreak eta erregegaiak euskal kostalde parean bilera egitea.
Azor yate zaharrean bi buruek oinordekotzaren gaiaz hitz egin zuten eta erregegaiaren bigarren semearen etorkizunaz ere jardun zuten, alegia, Juan Carlosen etorkizunaz, zeinak hirugarren izena, Alfonso, ezkutatu ohi zuen, aitona baitzekarkion gogora. Bezperan, Francok "ohorezko gizon" titulua jaso zuen Donostian eta elkarrizketaren biharamunean, ministroekin elkartu zen Aieteko jauregian, itsas zabalean gertatutakoaren berri emateko.
Urte horretako azaroan, Juan Carlos Madrilera joan zen lehenengo aldiz, eta Urquijo bankarien etxaldean egon zen. Oso gaizki hitz egiten zuen gaztelaniaz. Errege Etxeak eta Francok erabakita, Donostian egin zituen ikasketak, horretarako erregimenak Errepublikari konfiskatutako Miramar jauregi zaharra erabiliz. Haren aitonak, Alfonso XIII.ak, 1931n erbestera joan aurretik udako oporrak pasatzeko erabilitako leku bera zen.
1950etik 1954ko ekainera, Juan Carlos Donostiako jauregian bizi izan zen, zaintzaileek eta etengabe zaintza lanean zebilen polizia armatu talde batek lagunduta —ilea ere bertan mozten zioten, kanpora atera beharrik ez izateko—, eta Gipuzkoako alfontsotarren babespean, zeintzuk El Diario Vasco zuten adierazpide nagusi, ABC eta Diario de Barcelona-rekin batera.
Erregegaia beste zazpi ikaslerekin aritu zen: Carlos lehengusua, Agustín Carvajal, Jaime Carvajal —gerora Banco Urquijo, Ford España eta Ericcson enpresetako presidente izandakoa—, Fernando Falcó, Alonso Álvarez de Toledo, Alfredo Gómez-Torres, José Luis Leal Maldonado eta Juan José Macaya Aginaga. Irakasleak José Garrido, Juan Rodríguez Aranda, Ángel López Amo, Aurora Gómez Delgado, Karlos Santamaria, Díaz Tortosa komandantea hezkuntza fisikorako, hizkuntza irakasleak eta José María Galarraga eta Ignacio Zulueta apaizak izan ziren.
Juan Carlosek 1954an Donostia utzi zuenean, Francok udako oporrak Gipuzkoako hiriburuan pasatu zituen, ohikoa zenez. Carmen Polo emaztea Zinemaldian izan zen alkatearekin batera, eta Ama Birjin egunaren bezperan, diktadoreak eta emazteak Kale Nagusia pasa zuten paliopean, Jaime Font Andreu gotzainak lagunduta, Salbean parte hartzeko, gerora Donostiako Orfeoiak kantatuko zuena, urte horietan Usandizaga eta Gorostidi maisuen zuzendaritzapean. Komunikabideek herritarren berotasuna goraipatu zuten arren, bertara agintari frankistak, ikusmina zutenak eta haurrak baino ez ziren hurbildu, bere burua kaudillotzat zuena pasatzen ikusteko.
Karlos Santamaria irakasle
Ramon Rubialek lehendakaritza hartu zuenean, Hezkuntza sailburua zen Karlos Santamaria. 1986an, Donostiako alkateak hiritar merituaren domina eman zion. Erregeari eskolak ematen zizkion garaiei buruz adierazpenak egin zituen: «Hemen, Miramarko palazioan, kolegio txiki bat muntatu zuten Juan Carlosentzat; anaia ere, gero eskopetaz hil zuena, hemen zegoen eta beste hamarren bat mutil familiarik ilustreenetakoak. Horiei matematikak irakasteko kontratatu ninduten, eta batxiler guztian nik irakatsi nizkien. Juan Carlos oso mutil sinpatikoa zen, oso ironikoa eta oso alferra».