Borja Jauregi Fuentes, hamabi urtez Hondarribiko alkate izandakoa, atzo arratsaldean hil zen, gaixotasun luze baten ondoren. 66 urte zituen. Aitor Kerejetaren aurrekoa izan zen, 1995 eta 2007 artean udal gobernuko buru. Gero, Bidegiko zuzendaritza hartu zuen bere gain buruzagi jeltzaleak.
Udala izan da doluminak agertzen lehenetakoa. “Hondarribiko Udalak familia eta hurbilekoei doluminak eta animoak bidaltzen dizkie”, adierazi zuen udalak, albistea jakin bezain pronto.
Gipuzkoako EAJ ere atsekabetuta agertu da heriotzagatik: "Gaur Gipuzkoak errepide sare berria du. Borja Jauregi izan da, zalantzarik gabe, hori posible egin zuenetako bat".
Bihar izango da haren aldeko elizkizuna: 19:00etan, Hondarribiko parrokian.