Egunkaria auziko auzipetuekin —Pello Zubiria falta zen, hitzordura joateko zailtasunak zituelako— egin du agerraldia Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohi eta EAko buruzagi izanak, Donostian. Egunkaria-ren aurkako prozesua "astekeria" dela adierazi du, eta, halaber, astakeria direla tankera bereko beste zenbait auzi, 18/98-a, kasu.
Ildo horretatik, Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok egiaz "borondate ona" frogatzeko asmoa badu, auzi horien kariaz aukera ezin hobea duela esan du Garaikoetxeak; zehazki, Egunkaria auzia bertan behera uztea oso adierazpen egokia litzatekeela esan du.
Izan ere, Garaikoetxearen aburuz, Fiskaltza erakunde hierarkikoa izanik Gobernuak badu harengan eragitea, eta osteguneko auzi-saioan fiskala auzipetuen helegitearen aldeko jarrera izatera bultzatzea. Hala ere, 18/98 auzi-arekin gertatzen ari dena ikusita, "esperantza gutxi" duela aitortu du Jaurlaritzako lehendakari ohiak.
Elkarretaratzea ostegunean 11:30etan
Garaikoetxeak ez ezik, auzipetuek ere hartu dute hitza. Haiek ere auzia bertan behera uzteko eskatu dute, eta, gainera, ez direla eskaera hori egiten duten bakarra nabarmendu dute. Aitzitik, azaldu dute babes handia jaso duela eskaera horrek: hala nola, PSOE eta PP izan ezik Espainiako Kongresuko talde guztiena, Eusko Jaurlaritzarena, Eusko Legebiltzarrarena, Gipuzkoako Batzar Nagusiena zein Kataluniako sektore zabalena. Hain justu, Kataluniako Parlamentua gai horri buruzko legez besteko proposamena onartzear dagoela oroitarazi dute.
Ostegunean, auzi-saioa egingo den egunean, auzipetuek elkarretaratzea egingo dute Donostiako Justizia Auzitegiaren atarian, 11:30etan. Epaiketarik ez leloa aukeratu dute elkarretaratzea egiteko, eta asmo horrekin bat egiten duten herritar guztiei han izateko deia egin diete.
'Egunkaria auzia'
Borondate ona erakutsi nahi badu 'Egunkaria auzia' bertan behera uzteko eskatu dio Garaikoetxeak Espainiako Gobernuari
'Egunkaria auziko' auzipetuek aurkeztutako helegitea aztertuko dute ostegunean Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta helegite hori onartuz gero bertan behera geratuko litzateke auzia. Hori dela eta, auzi-saio horren harira Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak "borondate ona" erakusteko parada ezin hobea duela uste du Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Fiskaltza erakunde hierarkikoa izanik helegitearen aldeko jarrera bultzatzeko aukera baitauka. Halaxe egin dezala eskatu dio. Auzi-saioa egingo den egunan, ostegunean 11:30etan, elkarretaratzea antolatu dute auzipetuek Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu