Euskal Herria

Borotra auzipetuko dute 5.512 isun baliogabetzeagatik

Atzo egun osoan Baionako polizia etxean galdekatu ondoren, Didier Borotra Miarritzeko auzapezaren aurkako auzibidea irekitzea deliberatu du Frantziako Justiziak. Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak berretsi du haren kontrako auzibidea. Espetxera joan daitekeela gaineratu du.

Didier Borotra. GAIZKA IROZ
Aitor Renteria.
2013ko abenduaren 11
17:52
Entzun

Borotraren aurkako prozedura abian ezarri zelarik, 2009 eta 2010 artean 3.619 isun baliogabetzea leporatu zioten. Alta, 2011., 2012. eta 2013. urteak kontuan hartuz, kopuru hori 5.000tik gora doala azaldu du Baionako prokuradoreak.

Borotrak ez ditu aintzat hartu bere kontrako salaketak. Auzapezak Miarritzeko zirkulazio arazoak ekarri ditu gogora. Zailtasun handiak dituzten jendeen kasuan isunak baliogabetzea deliberatu zuela aitortu du, hala nola gidari elbarrienak eta osasun arloko langileenak.

Salaketaren oinarrian Miarritzeko udaltzainen sindikatuaren salaketa dago. Haren arabera, Borotrak 3.600 isun bertan behera utzi zituen arrazoirik gabe.

Poliziaren arabera, 70.000 euroko galera eragin dio auzapezak Miarritzeko Herriko Etxeari. Borotrak nabarmendu du zaila dela Miarritzen aparkatzea, eta, horregatik, udan eta bestetan bereziki, bertan behera utzi dituela isun batzuk, nagusiki erizain, elbarri eta adineko jendeei jarririkoak.

Michel Veunac Miarritzeko auzapezordeak sostengua helarazi dio Borotrari, eta Poliziaren galdeketa "neurriz kanpokoa" dela salatu du. Borotrak 76 urte beteko ditu, eta hau du azken agintaldia. Heldu den urteko udal hauteskundeetara ez dela aurkeztuko jakinarazi zuen. Veunacek jakinarazi zuen isunak bertan behera gelditu ziren unean 28.000 pasa ezarri zituztela Miarritzen. Hala ere, udaltzaingoak nabarmendu du barkatutako isunen kopurua handiegia dela, batez bestekoa baino hamar aldiz handiagoa baita Miarritzen bertan behera gelditzen diren isunen kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.