Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak beste agindu bat helarazi die agenteei, koronabirusaren izurria dela-eta jokabidea nola aldatu behar duten azaltzeko. Jarraibideen artean, garbitasunaren ingurukoak daude: esku hartze bakoitzaren ondoren armak, borrak eta ezkutuak desinfektagarriarekin garbitzeko agindu diete, eta «airean lehortzen» uzteko.
Madrilgo prentsak zabaldu du agindua jasotzen duen testua. Zehaztu dutenez, poliziek herritar bati nortasun agiria eskatzen diotenean, ezingo dute haren eskuetatik zuzenean hartu: herritarrak nonbaiten jarri beharko du, eta handik hartuko dute poliziek. Sistema bera erabilita itzuliko diote. Poliziek eskularruak erabili beharko dituzte, eta bota egin beharko dituzte kontrol bakoitzaren ondoren.
Herritarren gorputzak miatzeko orduan, eskularru bikoitzak eraman beharko dituzte: normalean erabiltzen dituztenak eta, gainean, nitrilozkoak. Kasu horretan ere, bota egin beharko dituzte erabili ondoren. Baina, aginduak zehazten duenez, pertsona multzo bat miatu behar badute, eskularruak desinfektatu beharko dituzte herritar bakoitza miatu ondoren, hurrengoari ekin aurretik.
Gorpu bat aurkituz gero, beti jokatu beharko dute infektaturik balego bezala. Gorpuarengandik bi metrora geratu beharko dute, eta ez dute ukitu behar. Lan hori osasun langileei edo espezialistei utzi beharko diete.
Polizia etxeetan jende kopurua mugatuko dute, segurtasun tartea bermatzeko. Norbait polizia etxera joaten bada bere maskara propioa eraman beharko duela azaltzen du aginduak.