Euskal presoak

"Borrokaldia" hasi dute Fleuryko espetxean

Emakumeen moduluan dauden euskal presoek salatu dute "eskubide murrizketak eta probokazioak" jasan dituztela "azkenaldian". Zigor ziegetan bakartu dituzte, Etxerat-ek jakinarazi duenez.

Berria
2014ko apirilaren 10a
19:35
Entzun

Fleuryko espetxeko (Frantzia) zuzendaritzak eta funtzionarioek jarrera alda dezatela eskatzeko hasi dituzte protestak. Apirilaren 8an plantoa egin zuten patioan, eta, horren ondorioz, espetxeko zuzendaritzak zortzi eguneko zigorra jarri zien. Zigor ziegetan bakartu dituzte, eta apirilaren 17ra arte luzatuko diete zigorra, beste zigor batzuk gehitu baitizkie zuzendaritzak, Etxerat-ek helarazitako informazioaren arabera.

Era berean, presoen senide eta lagunen elkarteak salatu du espetxe horretan dagoen Ekhine Eizagirre Zarauzko presoari beste zigor bat ere jarri diotela. 21 egunez bisitak kristala eta interfonoa dituen mintzatoki batean egin behar ditu. Etxerat-en arabera, orain hilabete inguru bisita baten ostean biluztera "behartu" zuten presoa, eta “istiluak” izan zituen espetxeko funtzionarioekin. Presoak ez du zigorra onartu, eta borrokaldiarekin jarraitzeko bisitei uko egitea erabaki du. Apirilaren 21era arte ez du bisitarik izango, eta aldi berean zigor ziegan egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.