«Borrokaren balioa» nabarmendu dute, Brouard eta Muguruza gogoan

«Hipokrisiatzat» jo du Edurne Brouardek biktima denak errekonozitu gabe Memoriaren Eguna ospatu izana

Jone Zuazo
Bilbo
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Azaroaren 20an, 26 eta 21 urte beteko dira hurrenez hurren, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenetik. Haien senideek, Muguruzaren alargun Elena Bartolomek eta Brouarden alaba Edurnek, eta ezker abertzaleko ordezkariek, Tasio Erkiziak etaJose Ramon Etxebarriak, urtero lez, omenaldi ekitaldia egingo dutela iragarri dute; «ezker abertzaleko bi militanteez gain, ordezkatzen zutena ere omenduko dugu: Euskal Herriarekiko konpromisoa eta maitasuna».

Hilaren 20an, arratsaldeko 18:00etan, La Casillan, Izan zirelako gara, irabaziko dugu lelopean egingo den ekitaldian parte hartzeko deialdia egin dute. Egun berean, lore eskaintzak ere egingo dituzte, Ametzolan eta Errekalden. «Estatuaren estoldetan hartutako erabakien ondorioz, azaroaren 20an nahigabeko protagonistak dira Santi eta Josu. Baina ez ditugu inolaz ere ahaztu nahi haiek bezala euren ekarpena egin duten, eta egiten ari diren, ehunka lagun».

Euskal Herrian testuinguru «interesgarria eta itxaropentsua» dagoela adierazi dute Muguruzaren eta Brouarden senideek, «nahiz eta estatuak etengabeko gatazka egoerara eta sufrimenduaren luzapenera kondenatu nahi gaituen».Haien arabera,ezker abertzalearen apustu eta ekimen politikoek Euskal Herria beste agertoki batera eramateko aukera sortu dute, «baita Santik eta Josuk amesten zuten Euskal Herri berrira; hau da, Euskal Herri independente eta sozialistara». Urteetako borrokaren balioa ere azpimarratu dute: «Ekarpen militantea izan ez balitz, ez ginateke aro politiko berri baten atarian egongo». Milaka lagunek hamarkadetan egindako ekarpena egun sortutako baldintzenoinarria dela esan du Brouardek: «Ezker Abertzalearen oinarri militantea delako Euskal Herri berria sortzeko motor eta akuilua».

Eusko Jaurlaritzak atzo egindako Memoriaren Eguna ere izan dute hizpide. Euskal Herrian dagoen gatazkaren ondorioak alde bietako hainbat eta hainbat pertsonak sufritu dituztela adierazi dute. «Hipokrisiatzat» jo dute gaur egungo baldintzetan halako egun bat antolatzea: «Ez dira biktima denak aintzat hartzen; adibidez, frankismoak, edo estatuaren aparatuek eraildakoak». Biktimen erabilera politikoa ere salatu dute: «Haien izenak alderdien onurarako erabiltzen dituzte».

Brouard eta Muguruzaren senide eta lagunek argi utzi dute, testuinguru honetan, ez dutela Memoriaren Egunean parte hartuko: «Ez dio egoerari ekarpenik egiten; are gehiago, gatazkak irauteko balio du».

«Inpunitatea» agerian

Felipe Gonzalezek egin berri dituen deklarazioen harira, ez dela harritzen esan du Edurne Brouardek: «Guk orain dela 28 urte esaten genuena besterik ez du berresten horrek».

Hala ere, haserre agertu da Brouard; «inpunitatearen azken aldarria dira deklarazio horiek; inpunitatez onartzen dira estatuak egindakoak, eta hemen ez da ezer gertatzen; alderantziz, konponbide baketsu eta elkarrizketatu baten alde egiten dutenei inolako lotsarik gabe aplikatzen diete zigor-zuzenbidea».

«Euskal mugimendu independentista amaitzeko estatuaren estrategia hau» gobernu aldaketen gainetik dagoela salatu du Brouardek. «Frankismo garaitik gaur egun arte iraun du inpunitateak: GAL, Batallon Vasco Español, Triplea A, Josu eta Santiren hilketa... Estatuaren aparatuak daude atzean». Jon Anza ere izan du gogoan, eta oraindik zer gertatu zitzaion inork ez duela azaldu azpimarratu du.

Gonzalezen deklarazioek «estatuaren estoldetan egin diren hainbeste krimen legitimizatzeko» asmoa dutela uste du Brouardek, «baita hemendik aurrera gatazkaren konponbidea bultzatzen dutenei gertatu ahal zaiena justifikatzeko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.