Arrotxapeko Auzokideak elkarteak protestara deitu du etziko, Iruñeko auzo horretan duela hilabete gertatu zen bortxaketa saio bati erantzuteko. Erasotzaile ezezagun batek «neska gazte bat» bortxatu nahi izan zuela azaldu du elkarteak.
Irailaren 10ean gertatu zen erasoa, Artika kalean. Ezezagun batek neskari kolpeak eta ukabilkadak eman zizkiola, ahoa estaltzen zion bitartean, azaldu dute Arrotxapeko Auzokideek. Gorputzean eta aurpegian kolpeak eta urratuak ditu neskak, erasoaren ondorioz. Emakume gazteak lortu zuen ahoa libratzea, eta builaka hasi zen. Auzotarrek entzun zuten neskaren laguntza eskaria, eta haiek hasi ziren erasotzaileari kontra egiten, ihes egin zuen arte.
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza salatu dute Arrotxapeko auzotarrek, eta adierazi dute halako erasoak «eredu patriarkalean eta botere harremanetan» oinarritutako gizarte batean gertatzen direla. Erasotako neskari babesa adierazteko eta erasoa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute etzi, Artika eta Marcelo Zelaieta kaleen arteko bidegurutzean, 19:30ean.
Emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko beste protesta bat egingo du, Iruñeko Gazteluko plazan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Gizonen Gurpilak. Biribil bat egingo dute, kandelekin, «emakumeen aurkako indarkeria gizonen arazoa ere badelako».
31 urteko gizon bat atxilo
Kalean bikotekideari erasotzen ari zitzaiola leporatu eta atxilotu egin dute 31 urte gizonezko bat Gasteizen. Udaltzainek atxilotu zuten gizona, herenegun, arratsaldeko laurak eta erdi aldera.
Herritar baten deia jaso zuten udaltzainek: Paula Montal kalean, gizon bat andre bati erasotzen ari zela jakinarazi zieten. Esandako lekura joan eta bikotea aurkitu zuten udaltzainek; gizonezkoari «jarrera erasokorra» sumatu zioten, baita andreak zauriak zituela ikusi ere. Bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Bortxaketa saio bat gaitzetsiko dute etzi Arrotxapean
Gasteizen gizonezko bat atxilotu dute udaltzainek, ustez kalean bikotekidea jotzen ari zelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu