Igandean, 04:30 aldera, erasoa jasan zuen neska gazte baten oihuek urratu zuten isiltasuna Azpeitian, Sanjuandegi auzoan. Etxera bidean zihoan, eta atzetik jarraitu zion ustezko erasotzaileak; lurrera bota zuen, eta ahoa ere tapatu zion. Baina neskak aurre egin zion, eta, garrasiei erreparatuta, bizilagunen laguntza ere aurki izan zuen. Erasoaren berri izan, eta udaltzainak agertu ziren aurrena; ondoren, ertzainen esku utzi zuten gizona.
Azpeitiko Bilgune Feministak gogor gaitzetsi du gertaera, eta gaur 19:30ean elkarretaratze bat egingo du. Herritar guztiak deitu dituzte salaketa keinuan parte hartzera: "Emakumeok askeak izan nahi dugu".