Neska gazte batek salatu du bart gauean bortxatu egin dutela Donostiako Gros auzoan. Gertatutakoa ikertzen ari da Udaltzaingoa, eta hiru mutil gazte atxilotu ditu, bi adingabeak. Atxilotuetako bat, dena den, aske utzi dute handik ordu gutxira. Gazteetako bati lapurreta egitea ere egotzi diote, eta salatzailearen hainbat objektu aurkitu dizkiote.
Udal zerbitzuek jakinarazi dutenez, Udaltzaingoa ikertzen ari da, eta sumarioa sekretupean dago.
Donostiako mugimendu feministak eta Donostiako Piratek elkarretaratzera deitu dute gaur 19:30erako, Bulebarrean, bart gauean salatutako bortxaketa eta aurreko egunetako erasoak salatzeko. Donostiako Udalak ere bat egin du harekin, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Duñike Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak gaitzetsi egin du goizaldean adingabe batek salatutako bortxaketa, eta gogorarazi du baiezkorik ez badago erantzuna ezezkoa dela.