Neskak aurkeztu duen salaketaren arabera, Tomas Caballero plazako lorategietan egin zioten eraso. Salaketa aurkeztu du15 urteko gazteak, eta Espainiako Polizia ari da gertatutakoa ikertzen.
Aritz Romeo Iruñeko Hiri segurtasunerako zinegotziak azpimarratu du "arduraz eta zuhurtziaz" jokatu behar dela, "bestela arriskua baitago Poliziaren ikerketa bera oztopatzeko". Romeok gaineratu du erasoa jasan duen emakumearen "birbiktimizazioa" ere gerta daitekeela. Iruñeko Udalak ez du informazio gehiago eman nahi izan horregatik. Joseba Asiron Iruñeko alkateak komunikabideei eskatu die begirunez jokatzeko eta sentsazionalismoa saihesteko, bai kasu honetan eta bai beste edozein sexu eraso kasutan.
14 salaketa, bi sexu eraso
Gaur eguerdien festen analisia egin du udal gobernuak. Guztira, 14 salaketa egin dira festetan; horietako bi sexu erasoak izan dira —gaur ezagutarazitako hori barne—, eta gainerako 12ak ukituen erasoak izan dira. Asironen arabera, datu hotzek adierazten dute jaitsi egin dela sexu erasoen kopurua —iaz, lau sexu eraso gertatu ziren, eta saiakera bat—. Asironen arabera, "sexu eraso bakarra dagoen bitartean, datu txarrak izango dira".
Era berean, udalak nabarmendu du 11 erasotzaile atxilotu dituztela eta gehienei epaiketa azkarra egin zaiela. Atzo, adibidez, pertsona bat atxilotu zuten Iruñeko sanferminetan andreei ukituak egitea leporatuta; 34 urteko gizonezkoa da atxilotua.
Errealitate hori presente egonagatik, argi dago udalak mezu irmoa igorri duela sexu erasoen aurka. Asironek bide beretik ibiltzera animatu ditu jai eredu horrekin bat egiten duten gainerako udalak, "arazoa ikusaraziz, aurre egin dakiokeelako". Laura Berro Iruñeko Berdintasun eta LGTBI hautetsiak nabarmendu du kanpainak "arrakasta handia" izan duela gizartea kontzientziatzeari dagokionez. Haren ustez, gizarteak barneratu du emakume baten ezezkoa ezezkoa dela, eta, iraganean ukituak "festaren gehiegikerien barruan" onartzen baziren ere, orain horiei aurre egiten zaiela.
Erasoak gaitzesteko elkarretaratze jendetsua egin zuten, joan den ostegunean, Iruñeko Gazteluko plazan. Iruñeko mugimendu feministak eta hura biltzen duen Gora Iruñea plataformak deitu zuten protestara, eta harekin bat egin zuen Iruñeko Udalak ere. Izan ere, udal gobernuak nabarmen indartu du sexu erasoen aurkako kanpaina. Udalak Gazteluko plazan zabaldutako informazio gunea, adibidez, jendez gainezka egon da une oro.