Erasoak iaz gertatu ziren, otsailaren eta abuztuaren artean. Auzipetua zigortzeko plazaratu duten idatzian jasotzen denez, zigortuak, Pablo O.O. 36 urteko gizonezkoak, 11 eta 16 urte arteko bortz neskari egin zien eraso; lauri, Arrotxapea auzoan, eta bertze bati, Buztintxurin.
Idatziaren arabera, Pablo O.O.-k haien etxeko atarietan jazarri zituen neskak, eta labanarekin mehatxu egin ondotik, sexu ukituak egin zizkien. Akusatuak lautan lortu zuen bere helburua gauzatzea; borzgarren biktima laguntza eske hasi zelako, gizonezkoak ihes egin zuen.
Akusatua espetxean dago gaur egun, eta zigorra bete ondorengo sei urteetan ere mugimenduak murriztuta izango ditu: biktimengana hurbiltzeko debekua ezarri dio epaileak. Fiskaltzak 29 urteko espetxe zigorra eta 61.500 euroko kalte-ordaina eskatu zuen hasiera batean, baina zigorra txikiagoa izan da bi aldeek akordio bat egin dutelako.
Defentsak jakinarazi duenez, akusatuak barkamena eskatu die «biktimei eta gizarteari», bere buruarekiko «lotsa» sentitu duela erran du, eta haren kontrako salaketa jarriz biktimek egoki jokatu zutela adierazi du. Akusatuari aringarria onartu diote, delitua aitortu eta damua erakusteagatik.
Hiru gizon espetxera
Neska bat bortxatzea leporatuta Baionako hiru gizonezko espetxeratu egin dituzte. Joan den urriaren 20an neska batek jakinarazi zuen bahitu eta bortxatu egin zutela. Baionako prokuradoreak inkesta ireki du gizonezkoen kontra, taldean egindako bortxaketa leporatuta. Bortxaketa egiteko, gainera, neska bahituta eduki zutela nabarmendu du prokuradoreak.
Prokuradoreak jakinarazi du neska BAB2 saltegitik hurbil dagoen apartamentu batean atxiki zutela hiru gizonezkoek. Hala ere, ez du zehaztu zenbat egunez atxiki zuten bahiturik. Urriaren 20an ihes egin zuen emakumezkoak, bahitzaileek etxetik atera eta auto batean eraman zutelarik. Saint Leon auzoko saltzaile baten dendan sartu zen neska ihes egin zuelarik, eta horrek dei egin zion Poliziari.
Berehala Baionako erietxera eraman zuten emaztea, eta, erietxean, gertatutakoarenberri eman zien poliziei. Bahituta eduki zutela azaldu zuen, eta bortxatu egin zutela. Salaketaren berri izan eta gero, La Feuillee karrikako apartamentuan atxilotu zituzten hiru gizonak.
Etxeko jabea familiaburua da,eta lan finkoa dauka. Aterperik gabeko hiru pertsona hartu zituen etxean, ustezko bi bortxatzaileak eta erasoak jasan dituen neska. Hiru atxilotuetatik bik onartu dute Poliziak leporatzen diena.