Bortziriarrek Nafarroa utzi behar dute unibertsitatean euskaraz ikasi ahal izateko

Euskarazko ikasketen eskaintza zabaltzea eskatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

ASIER AZPILIKUETA ETXALAR
2008ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bortzirietako unibertsitarioen %16k bakarrik ikasten dute Nafarroako unibertsitateetan. Izan ere, Bortzirietako ikasle gehienak euskaldunak izanik, euskaraz ikasi nahi dute, eta Nafarroako unibertsitateek halakorik eskaintzen ez dutenez, Nafarroatik kanpora atera behar izaten dute.

Horixe da Bortzirietako Euskara Mankomunitateak agindu duen Unibertsitatea eta euskara Bortzirietan 2007 ikerketaren ondorio nagusia, eta, ondorio hori oinarri hartuta, Mankomunitateak eskaera bidaliko die Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) eta Nafarroako Unibertsitateari (NU), euskarazko ikasketa unibertsitarioen eskaintza handi dezaten. Zehazki, «unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko eskubidea ziurtatzea» eskatuko die. Eta ikasketa horien euskalduntze neurriak «berehala» abia ditzatela, «gehien aukeratzen diren ikasketetatik hasita, kalitatezko eskaintza osatu arte».



«BORTZIRIETAKO EUSKALTASUNA». Aztiker etxeak egin du ikerlana, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak. 2000 eta 2006. urteetan batxilergo titulua eskuratu zuten 252 ikasle bortziriarrei deitu zieten, eta horietako 238k hartu zieten deia. Horietatik 130ek (%54,6) hasi edo egin dituzte unibertsitate ikasketak, eta horiei egin zieten galdeketa.

«Bortzirietako euskaltasuna erakusten dute datuek», azaldu zuen inkesta etxeko Iñaki Iurrebasok. «Hamarretik bederatzik D ereduan egin baitituzte unibertsitate aurreko ikasketak. Hala, ikasle gehienak hobeki moldatzen dira euskaraz gaztelaniaz baino. Horietako askok unibertsitate ikasketak euskaraz egin nahi dituztenez, Nafarroatik kanpora atera behar dute, Nafarroan ia-ia ez baita euskarazko eskaintzarik».

Kontu honetan «bi errealitatek talka» egiten dutela adierazi zuen Iurrebasok. «Alde batetik dugu Bortzirietako ikasleek nahi eta behar dutena; euskaraz ikastea ahalbidetuko dien unibertsitate bat, alegia. Eta, bestetik, gaur egun dagoen euskarazko eskaintza. Bi errealitate horiek ez datoz bat, eta horren ondorio argia da ikasle gehienek Nafarroatik kanpora joan behar izana».

Bortzirietako unibertsitarioen herenak (%32) EHUren Donostiako campusera jotzen du, %18,4k EHUren Gasteizkora, %11,2k EHUren Bilbokora eta %9,6k Mondragon Unibertsitatera. Eta horien gibeletik ageri dira NUPeko (%8,8) eta NUko (%7,2) campusak.

Inkestaren arabera, lau bortziriarretik hiru hobeki moldatzen da euskaraz gaztelaniaz baino, hitz egiteko, irakurtzeko eta estudiatzeko tenorean. Akaso, horregatik, gehienek nahi lukete unibertsitate ikasketak osorik euskaraz egin (%69,2). Nahi hori, ordea, ezinezkoa dute Nafarroako unibertsitateetan, unibertsitate horiek baitira euskarazko ikasketen eskaintzarik urriena egiten dutenak.

Azken urteetan, bortziriarren %100 ari da batxilergoa euskaraz egiten. «Toki gutxitan izanen dute halako matrikulazio ehunekoa», azpimarratu zuen Euskara Mankomunitateko lehendakari Ainara Maiak. «Tamalez, egoerak zeharo okerrera egiten du bertako ikasleek euren ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituztenean. Unibertsitatearen euskalduntzea hagitz gibelaturik baitago».

«Deigarria» da, Maiaren ustez, Nafarroako unibertsitateek nola «alferrik galtzen dituzten bezero potentzialak». «Euskararen aurkako jarrera itsu batetik baino ezin da ulertu egoera hau».

Gazteek ikasketak euskaraz nahi izatea «pozteko arrazoia» dela erran zuen Maiak. «Horrek aditzera ematen baitu euskarari prestigioa eta balio funtzionala aitortzen diotela».



«Deigarria da nola Nafarroako unibertsitateek alferrik galtzen dituzten bezero potentzialak»

«Poztekoa da gazteek ikasketak euskaraz egin nahi izatea. Prestigioa eta balioa ematen dioten seinale da»

ainara maia
bortzirietako euskara mankomunitatekoa




Unibertsitate euskalduna

edo

Iruñea erdalduna

Bortzirietako unibertsitarioen %84 Nafarroaz kanpoko unibertsitateetan daude. Askok hizkuntzaren arabera egin zuten hautua
a. azpilikueta

Iruñea

Bortziriarren unibertsitate ikasketei buruzko inkestaren aurkezpenean, Iñaki Iurrebaso soziologoak aipatu zuen Nafarroako herri euskaldunek -Bortzirietakoek, Leitza aldekoek, Sakanakoek...- «odolustea» izaten dutela unibertsitarioei dagokienez. Odolustea Nafarroak du, Nafarroatik kanpora atera behar izaten baitute gazte horiek.

Konparazio batera, Gurutze Pibakeak (Arantza, 1984) Leiora (Bizkaia) joan behar izan zuen, EHUra, Ikus-entzunezko ikasketak egitera. Ikasgai batzuk izan ezik, gehiena euskaraz egin ahal izan zuen han. Pikabeak dio ez zuela asko pentsatu Iruñearen eta Leioaren artean zein hartu erabakitzeko. Berak egindako ikasketak Nafarroako Unibertsitateak ere eskaintzen ditu, gaztelaniaz. «Baina unibertsitatea Opusekoa izanda, eta, gainera, gaztelaniaz izanda, ez nuen bi aldiz pentsatu behar izan».

Hori bai, NUPek Ikus-entzunezkoak euskaraz eskaini izan balitu, ziurrenik, Iruñera joan izanen zen Pikabea, «hurbilago» gelditzen zaiolako. Hizkuntzak pisu handia izan zuen Pikabearen hautu hartan. Berak aitortu duenez, euskaraz hobeki moldatzen baita gaztelaniaz baino.

Itxaso Goñik (Bera, 1987) bide laburragoa egin du etxetik unibertsitatera, Donostiako Arkitektura eskolan baitago, hirugarren mailan. Ikasketa ia gehienak euskaraz egiten ari da, nahiz eta hautazko ikasgairen batzuk eta klaseko apunteren batzuk gaztelaniaz dituen. «Orokorrean, bai, euskaraz ikasten ari naiz».

Pikabeak bezala, Goñik ere bazuen aukera Nafarroako Unibertsitatean berak nahi zituen ikasketak gaztelaniaz egiteko. Baina euskaraz nahi zuen, eta ez unibertsitate horretan. Goñik ez daki hizkuntza izan ote zen arrazoi nagusia bere hautuan, baina bai «pisu handia» izan zuela dio. «Azken finean, hemezortzi urte bitartean euskaraz egin nituen ikasketak, eta hizkera tekniko guztia (matematika, fisika...) euskaraz jaso nuen. Eta zaila iruditu zitzaidan hori guztia bat-batean aldatzea». Euskaraz gaztelaniaz baino hobeki moldatzen dela erran du Goñik.

Baina Pikabearen kontrako bidean, Goñi beratarrak dio bera ez litzatekeela Iruñera joanen NUPek Arkitektura ikasketak euskaraz eskainiko balitu. «Donostia eta Iruñea artean aukeratu beharko banu, Donostia aukeratuko nuke, etxetik hurbilago dudalako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.