Nafarroako Bortziriak eskualdeko —Igantzi, Arantza, Lesaka, Etxalar eta Bera— alkateek salatu dute Osakidetzak eskualde horietako herritarrei osasun arreta osoa emateari utzi egin diola eta patologia gehienak Iruñera bideratzen dituela. Orain arte, Bortzirietako gaixoek Irun edo Donostiako ospitaleetara —15 eta 35 kilometrotara hurrenez-hurren— jotzen zuten. Eusko Jaurlaritzak erantzun du bortzirietako herritarrek jasotzen dituzten osasun zerbitzuek "normaltasunez eta aldaketarik gabe" jarraitzen dutela.
Lurdes Ibarluzea Igantziko alkateak, Jon Abril Berako jarduneko alkateak, Peio Etxabide Lesakako alkateak eta Migel Mari Irigoien Etxalarko alkateak, bilera eskatu diote Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari.
Alkateen esanetan tratamenduak eta kontsultak bat-batean Iruñera bideratzen hasi dira; "ohikoak bihurtu zaizkigu dialisiak, espezialisten kontsultak —baita pediatrikoak ere—, ebakuntza ondoko tratamenduak, transplanteak, eritasun degeneratiboak, errehabilitazioak… Iruñera bidalzea". Baina kasu batzuetan baino ez dute garraiorik izaten, alegia, garraio publikoa guztiz murritza denean. Izan ere, Beratik eta Lesakatik egunean autobus bat joaten da Iruñera eta gainerako herrietatik bat ere ez.
Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk ere azalpenak eskatuko dizkio Legebiltzarrean Rafael Bengoa Osasun sailburuari otsailean egingo den lehenengo kontrolerako osoko bilkuran.
Maeztuk "larritzat" jo du egoera, "alegia, Bengoak berak Arabako biztanleei egiten zitzaiena gogor kritikatu ostean, Osakidetzak gauza bera egitea". Maeztuk gogora ekarri du Osakidetzak Errioxako gobernuarekin aste batzuk dela izan zuen eztabaida. Horregatik, Aralarrek Bengoari egoera lehenbailehen argitzea eskatu dio; "Ezinbestekoa iruditzen zaigu Osasun sailburuak egoera berehala argitzea eta arrazoiak zeintzuk diren azaltzea".
Aralarrek iragarri du "gaixoak Iruñera bideratzen jarraitzen badituzte", legez besteko proposamen bat aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean, "Osakidetzari, Bortzirietako biztanleak bere azpiegituretan artatzea eskatuz".
Iruñera 70 kilometro, Irunera 15
Bortzirietako alkateek salatu dute "osasun agintariek irizpide ekonomikoak erabiltzen darabilztela, kontuan hartu gabe eriak, hauen familiarrak, Bortzirietako egoera soziosanitarioa, eta abar…". Alkateek ohiko zerbitzuak mantentzea eskatu diete, "kontuan har dezatela Iruñeko ospitalera 70 kilometro ditugula, eta aldiz, Irungora 15 edo Donostiakora 35 ".