komunikabideak

Bortzirietan euskarazko komunikabideen aldeko konpromisoa hartzeko eskatu diete Nafarroako Gobernuari

Nafarroako Gobernuak euskarazko tokiko komunikabideei ematen dizkien diru laguntzak %96,91 murriztu ditu, komunikabide horiek “errentagarriak ez direlako”.

2009ko martxoaren 31
19:08
Entzun
Bortzirietako (Nafarroa) udal ordezkariak Carlos Perez Nievas Nafarroako Hezkuntza kontseilariari eremu horretan euskarazko komunikabideen aldeko kompromisoa hartzeko eskatu die. Lesaka, Bera, Arantza, Etxalar eta Igantzi herriek osatzen dute Nafarroako Mendialdeko Bortziriak.

Izan ere, Gobernuak euskarazko tokiko komunikabideei ematen dizkien diru laguntzak %96,91 murriztu dira aurten: 310.000 eurotik 9.567ra. Gobernuaren ustez, komunikabide horiek “errentagarriak ez direlako”. Ondorioz, Ttipi-ttapa telebistak emisioa bertan behera utzi behar izan zuen urtarrilaren 30ean.

Euskal komunikabideek herritarrei gertuko informazioa eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikorako ere garrantzitsua direla adierazi dute Bortzirietako udal ordezkariek; Nafarroan 56 langile eta 366 kolaboratzaile ari dira esparru horretan lanean.

Gainera, informazioa euskara hutsez eskainiz herritarren artean hizkuntza erabiltzeko ohitura eragiten dutela nabarmendu dute. "Ekarpen handia egiten dute euskararen berreskuratze eta normalizazio prozesuan. Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak sustatu beharko lituzke, 1986ko Euskararen Foru Legearen eta Erregioen eta Gutxiengo Hizkuntzen Euroitunaren arabera".

Nafarroan eragingo duen itzalaldi analogikoaren inguruan, berriz, 2005ean bortzirialdeko eskualdea telebista digitaleko lizentzia eskuratzeko prozesutik kanpo gelditu zela adierazi dute, eta baimen hori lortzeko "inolako aukerarik gabe, gainera".

Lau eskaera nagusi

Perez Nievas Hezkuntza kontseilariari lau eskaera nagusi egin dizkiote: Ttipi-ttapa telebistari eta euskarazko komunikabideei diru laguntza duinak emateko konpromisoa hartzeko, komunikabideen egoera erregularizatzeko hitzarmenaren aldeko urratsak egiteko, publizitate instituzionala txertatzeko konpromisoa hartzeko eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuetan eragitea tokiko euskarazko telebistek lizentzia eskuratzeko aukera izatea bermatzeko.

Oraingoz Perez Nievasek euskal komunikabideei zuzendutako 250.000 euroko diru laguntza bermatzen saiatuko dela esan du, baina gainerako eskaeren inguruan ez du adierazpenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.