Diputatuen Kongresurako Nafarroan erabakiko diren bost eserlekutatik bat lortzeko aukera duela uste du Geroa Baik, inkestak ikusita. Uxue Barkos hautagaiaren iritzian, Nafarroa Bai duela lau urte zegoen «egoera berean» daude, eta eserleku horri «aurrez aurre» begiratzen diote.
Geroa Baik kanpainaren hasieran «zailtasun tekniko asko» izan dituela nabarmendu zuen Barkosek atzo Iruñean. Horregatik, inkestek emandako datuak ikusita, «pozik» dago Barkos: «Duela lau urteko egoera berean gaude, eta orduan aukera izan bagenuen, orain ere bai». Barkosek uste du «handicap-a» izan zutela kanpainaren hasieran, eta, horregatik, azpimarratzekoa iruditzen zaio Geroa Bairen mezua «Nafarroako zoko guztietara iritsi izana». Nafarroa Bairekin aurrera eman duen proiektuan jarraitu nahi dutela berretsi zuen.
«Kezkatuta» ere agertu zen Barkos, Mariano Raxoi PPko hautagaiak esan duelako Menpekotasunaren Legea ez dela bideragarria. Gisa horretako iragarpenak kanpainaren amaieran egin izana salatu zuen. Haren iritzian, Raxoiren hitzak «murrizketen politika basatiaren iragarpena» dira. Datorren igandean, hain justu, horren kontra eman behar da botoa, Geroa Bairen esanetan.
Carlos Salvador UPNkoak egindako hitzak ere larriak iruditu zaizkio Barkosi. Salvadorrek esan du «kaleak sutan» jarriko direla PP ausarta bada hartu beharreko neurriekin. «Erabateko arduragabekeria» iruditu zaizkio hitz horiek, eta UPNk horixe eraman nahi duela Nafarroara.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Bosgarren aulkia berea izan daitekeela uste du Barkosek
Geroa Baiko hautagaia «kezkatuta» dago, Raxoik esan duelako Menpekotasunaren Legea ez dela bideragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu