HONDAKINAK

Bosgarren edukiontzia aldeztu dute Zizurkilen botoa eman dutenek

Hondakinak biltzeko sistemari buruzko galdeketan, hautesleen %45 joan dira bozkatzera. Boto delegatuan irregulartasunak izan direla salatu dute. Bideoa: Galdeketa Zizurkilen (Tolosaldeko Hitza). [Youtube]http://youtu.be/DDjnAyqOMC4[/Youtube]

2013ko ekainaren 24a
18:02
Entzun

%45eko parte hartzea eta, botoa ematera joan direnetatik, gehien-gehienak bosgarren edukiontzia ezartzearen aldekoak. Horiek izan dira Zizurkilen (Gipuzkoa) hondakinak jasotzeko sistemaren inguruan Tolosaldea Txukun plataformak eginiko galdeketan azaleratutako emaitzak.

Plataformak jakinarazi du emaitzen berri: 2.246 hautesleetatik 1.004 boto emaile izan dira, eta horietatik 990k bozkatu dute atez atekoaren aurka; hamahiruk, berriz, sistema horren alde.

Astelehenean hasi ziren Zizurkilen hondakinak atez ate biltzen. Tolosaldea Txukun, ordea, horren aurka dago. Bosgarren edukiontziaren alde egiten du, eta Zizurkilgo Udalari eskaria egin dio: “Entzun dezala herritarren nahia”.

Herritar talde batek salatu zuen galdeketa ikuskatzen saiatu zirela baina ez zietela utzi. Haien izenean mintzatu zen Aizpea Zabala. “Aurrez esan genuen bezala, gure ustez, galdeketak ez ditu gutxieneko baldintza demokratikoak betetzen".

Salatu dutenez, 752 pertsona zenbatu dituzte botoa ematera sartzen. Halaber, salatu dute irregulartasunak izan direla boto delegatuan, Naiz.info atariak argitaratutako bideo batean ikus daitekeenez.

Patxi Amantegi Tolosaldea Txukun plataformako bozeramaileak Berriari esan dio "oso ona" izan dela galdeketan herritarren erantzuna: "Herriko populazioaren erdia joan da bozkatzera".

Azkeneko orduetan salatu diren irregulartasunen inguruan, berriz, Amantegik esan du saiatuko direla datorren asteburuko Anoetako, Villabonako eta Irurako galdeketetan "horrelako gauzak ekiditen". Galdeketak ahalik eta gardenenak izatea nahi du plataformak. "Dauzkagun tresnak dauzkagu, eta ezin dugu gehiago egin. Ezin ditugu NAN zenbakiak egiaztatu". Herriak pentsatzen duena islatzea da galdeketaren asmoa, Amantegiren arabera: "Ez dugu intentzio maltzurrik".

EAJren ustez, zizurkildarrek Bilduren "inposizioa" salatu dute beraien bozkarekin. "Bilduk legitimitatea galdu du, nahiz eta Zizurkilgo galdeketaren aurka egin duen", esan du Imanol Lasa jeltzaleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.