Bosgarren edukiontziarekin baino 55 aldiz organiko gehiago bildu dute atez ate

Urteko lehen sei hilabeteetan zaborraren %32 bildu du gaika San Marko mankomunitateak

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Atez ateko bilketa martxan dagoen San Marko mankomunitateko hiru udalerrietan -Usurbil, Hernani eta Oiartzun- bosgarren edukiontzia jarria duten bederatzi udalerrietan baino organiko gehiago jasotzen da. «Horrek agerian uzten du biltzeko moduak zein garrantzia duen», adierazi du Imanol Azpirozek, San Marko mankomunitateko lehendakariak. 55 aldiz zabor organiko gehiago bildu dute atez atekoarekin, bosgarren edukiontziarekin baino. Aurtengo lehen sei hilabeteetako datuak aintzat hartuta, San Markok hondakinen %31,9 bildu du gaika. Herriz herri datuak aztertuta, aldea dago bilketa sistema kontuan hartzen bada. Atez ateko bilketa egin dutenek hondakinen %75 birziklatu dute; kaleko edukiontziak dituzten udalerrien kasuan, %35. Astigarraga eta Donostia dira gutxien birziklatzen dutenak: %27,9 eta %29,2 , hurrenez hurren.

Orain hiru urte, San Markoko ardura hartu zutenean, zegoen egoera ekarri nahi izan du gogora. Orduan, %27koa zen hondakinen gaikako bilketa mankomunitatean. «Oso egoera kaskarra zen, gainontzekoa nahastuta bildu, eta San Markoko zabortegira botatzen baitzen. Hori ikusirik, ezinbestekoa genuen gaikako bilketa sustatzeko estrategia bat bultzatzea, eta horretan aritu gara». Hain zuzen ere, materia organikoa gaika biltzean jarri dute indarra. «Ezin genuen isurketara kondenatu, eta birziklatzeko aukera eman behar genion. Zabortegien ondorio kaskarrak saihesteko modua zen».

Hondakinak atez ate biltzen dituzten herrietan, biztanleko 257,9gramo zabor organiko bildu dute eguneko; bosgarren edukiontzia duten Donostiako Amara auzoan, berriz, 4,7 gramo. Mankomunitateko gainontzeko herrietan ez da bilketarik egiten. Datu absolutuak aintzat hartuta, zabor organiko gehien biltzen duen herria Hernani da: 120 tona.

Azpirozek gogorarazi du helburu nagusia zabor kopurua gutxitzea dela. Horren karietara, autokonpostaren garrantzia nabarmendu du. «Argi eta garbi ikusi du obaria ezarri duten udalerrietan autokonpost kopurua izugarri igo dela». Hala, Usurbilek jada Donostiak baino gehiago autokonpostatzen du, adibidez. Materia organiko tona gehiago kudeatzen da San Markon autokonpostaren bidez, Gipuzkoa osoan bosgarren edukiontziarekin baino. «Bosgarren edukiontziak dituen bilketa gasturik gabe, gainera».

Biltzen diren beste hondakinei dagokienez, San Markon batez beste biltzen dena baino beira gehiago bildu dute gaikako bilketa egiten dutenek; Hernanin, adibidez,%75 igo da beiraren bilketa atez atezkoa ezarri denetik. Urteko lehen sei hilabeteetan beira gehien jaso duena Astigarraga izan da. «Txotx garaia dela eta, urtero gertatzen da hori. Ondorioz, pentsatu beharko lukete beirazko edukiontzien berrerabilera bultzatzea», nabarmendu du Jordi Colomerrek, San Marko mankomunitateko teknikariak.

Beira, ontziak eta errefusa

Paperaren gaikako bilketaren kasuan, ez da aldaketa esanguratsurik izan. «Atez atekoari esker finkatu egin da». Usurbilen igoera nabarmena eman da otsailetik, industrialdeetan ere hasi baitira papera gaika jasotzen.

«Organikoarekin batera, atez atekoak ontzien bilketa du eragina», adierazi du Colomerrek. Datuak kontuan hartuta, edukiontzien sistemari eusten dieten San Markoko udalerriek urtean 10 eta 20 kilo biltzen dute biztanleko. Oiartzunek eta Hernanik 25 eta 30 kilo arten jasotzen dute; eta Usurbilen, industrialdeetan ere biltzen hasi direnetik, 40 kilo.

Errefusa gehien sortzen duten San Markoko herriak Donostia eta Astigarraga dira: biztanleko 900 gramo egunean, hain zuen. Errefusa gutxien sortzen dutenak, berriz, gaikako bilketa egiten duten herriak dira. Biztanleko 150 gramo errefusa sortzen dute egunean. «Usurbilen 310 gramokoa da , baina industrialdeetan ere biltzen dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.