Entzierro garbia eta korrika egiteko erosoa izan da sanferminetako bosgarrena. Arriskutsuak izateko ospea dute Torrestrella ganadutegiko zezenek —gaurkoa hamabigarren aldia zen Iruñean korrika egiten zutena, eta bi pertsona adarkatu izan dituzte batez beste—, baina gaur ez da halakorik izan.
Bi pertsona eraman dituzte erietxera; bat, Santo Domingoko aldapan zegoela buruan kolpe bat hartuta; bestea, zezen plazako sarreran orkatila bihurrituta. Ez da adarkaturik izan. Zezen taldea batuta joan da ibilbidearen zati handi batean, eta bitan banatu da gero. Horrek eragin du korrikalariek lasterka aritzeko tartea izatea.
Plazara sartzear zela, zezenetako bat nora ezean geratu da, baina berehala gidatu dute plazarantz. Azkenean, 02:45ean osatu dute bidea, ohi duten baino azkarrago —03:09an egin izan dituzte, batez beste—.