Bizkaiko Foru Aldundiak hamabostean behin ematen du herrialdeko adinekoen egoitzetan hildakoen datua. Gaur plazaraturiko zenbakien arabera, ekainean beste bost pertsona hil dira erakundearen baimena duten zahar etxeetan.
Izurria zabaltzen hasi zenetik, koronabirusak eragindako 290 hildako zenbatu ditu erakundeak, eta, adierazi duenez, beste 32 heriotza susmagarriak dira.
Gaixoen kopurua bi egunetik behin ematen du aldundiak. Adinekoen egoitzetan bi pertsona daude diagnostikaturik, eta beste lau egoiliar erietxean daude.
Sendatutakoak 1.602 dira, eta oraintxe diagnostikaturik dauden langileak 20 dira, astelehenean baino bost gutxiago. Beste 85 bakartuta daude, diagnostikorik ez eduki arren.
Zaharren egoitzak, «epizentroa»
Rafel Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak esan duenez, adinekoen egoitzak izan dira izurriaren «epizentroa», eta «gaitzaren kontrola galdu» da, egoitzok ez direlako ondo koordinatu osasun sarearekin. Bengoak eskatu du lehen mailako osasun arreta eta egoitzak azkar lotzeko, udazkenean izurria berriz zabaltzeko arriskuari aurre egiteko.
«Horrenbeste arreta jarri dugu ZIUetan eta erietxeetan, non iruditu zaigun han ari zirela izurria kontrolatzen». Gaineratu duenez, gaitza hobeto kontrolatuko zen, esaterako, «ibaian gorago jarriz gero arreta: egoitzetan, eta lekuan lekuko kontrolean, hau da, hasieran, ez amaieran».