Odolusteak ez du etenik. Indarkeria matxistak bost emakume hil ditu aurten Euskal Herrian, eta, gainera, egunero-egunero 16,6 salaketa bildu dituzte Hego Euskal Herriko erakundeek tratu txarrengatik. Oraindik ere urteko bilketa osatzen ari badira ere, iaz baino tratu txar salaketa gehiago bildu dituzte Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan.
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak urriaren 31ra arte bildutako datuen arabera, 4.017 salaketa jaso zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2010ean baino %13,15 gehiago. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 1.050 salaketa jaso zituen tarte berean, iaz baino lau gehiago. Guztira, 5.067 salaketa izan dira lehen hamar hilabeteotan Hego Euskal Herrian, iaz baino 508 gehiago; alegia, %11,14 handitu ziren indarkeria matxistari lotuta jasotako salaketak. Aurten kasu gehiago jaso dituztela aitortu arren, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendari Mariola Serranok ukatu du datuek joera bat erakusten dutela. «Oraingoz ez daukagu daturik esateko goranzko joera dagoela».Horretarako denbora gehiagoan egin behar da jarraipena, haren esanetan.
2011, azken urteak bezala, beltza izan da heriotzei dagokienez ere. Genero indarkeriak bost emakume hil ditu aurten. 2010ean, zazpi hil ziren. Apirilaren 3an, urteko lehenengo heriotzaren berri eman zuten Nafarroako agintariek: Yanela Zaruma 22 urteko emakumea. Haren mutil-lagun ohiak —24 urteko mutil gazte batek— aitortu zuen gertatutakoa epailearen aurrean: apirilaren 3ko gauean hil zuela Zaruma. Hurrengo egunean aurkitu zuten gorpua, Beriaingo Morea aintziran (Nafarroa). Indarkeria zantzu nabarmenak zituela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak. Hilabete batzuk lehenago banandu ziren Zaruma eta ustezko hiltzailea. Mutil-lagunarekin bizitzeari utzi zion orduan emakumeak, eta gurasoen etxera joan. Hain zuzen ere, gurasoek abisatu zuten Foruzaingoa: alabak mutil-lagun ohiarekin eztabaida bat izan zuela telefonoz, eta etxetik irten ostean ez zela itzuli. 3 urteko haur bat zuten elkarrekin. Deklarazioa hartuta, espetxera bidali zuen epaileak ustezko hiltzailea.
Ekainaren 16an gertatu zen bigarren heriotza, Durangon (Bizkaia). Hasiera batean kasuaren inguruko informazioak nahasi samarrak izan ziren. Ertzaintzak jakinarazi zuen emakume gazte batek —31 urteko June izenekoak— etxeko leihotik salto eginda hil zela. Hasiera batean, bere buruaz beste egin zuela adierazi zuen Ertzaintzak. Ikerketak sakondu ahala, ordea, beste bide batzuk aztertzeari ekin zioten, eta, handik gutxira, emakumearen bikotekidea atxilotu zuten. Epaileak deklarazioa hartu zion gizonari, eta espetxeratu egin zuen, «badaezpadako neurri» gisa.
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak, gertaera gaitzetsi, eta babes osoa agertu zion hildakoaren familiari. Emakumeen aurkako indarkeria kasuak «oinarrizko eskubideen aurkako atentatuak» direla gaineratu zuen, indarkeria hori «gertatzen den moduan gertatzen dela ere». Deklarazio horiek egin zituen arren, Jaurlaritzak ondoren ez du jaso heriotza hori aurtengo hildakoen zerrendan.
Uztailaren 3ko goizaldean iritsi zen Hernanitik hirugarren hildakoaren berri. Kale gorrian, labankadaka hil zuen Rosario Roman 55 urteko herritarra bikotekide ohiak. Ondoan zuen alaba Romanek erasoa jasan zuenean, eta hura ere zauritu egin zuen erasotzaileak. Romanen ahizpa Paquik jakinarazi zuen ez zela ahizpak jasandako lehenengo erasoa: «Salaketa asko jarri zituen, baina beldurragatik kendu egiten zituen azkenean». Erasotzailea Poliziari ihesi ibili zen igande goizean, baina, azkenean, ertzain batek konbentzituta utzi zuen atxilotu zezatela. Ondoren, deklarazio luze baten ostean, epaileak espetxeratzea deliberatu zuen. Hainbat lekukoren testigantza funtsezkoa izan zen horretarako. Izan ere, Roman hil eta haren alaba zauritzeaz gain, haiek babestera joan zen herritar bat ere beso batean zauritu zuen ustezko hiltzaileak.
Urruntzeko agindua hautsita
Abuztuaren 22ko arratsaldean hil zuen ustez bikotekide ohiak Deisy Mendoza, Bilbon. 38 urteko gizonezkoa, Mendozarengana hurbiltzeko epaileak jarritako debekua hautsi, eta andrearen etxera joan zen. Lekukoek Ertzaintzari jakinarazi ziotenez, eztabaida gogorra entzun zuten emakumearen etxean, eta, eztabaida horren erdian, gizonak labana bat sartu zion andreari. Larri zaurituta zegoela heldu ziren osasun zerbitzuetako kideak, baina ezin izan zuten ezer egin emakumearen bizitzari eusteko. Bertan hil zen. Gizona atxilotu egin zuen Ertzaintzak, eta epaileak, deklarazio luze baten ostean, espetxeratzeko agindu zuen. Mendozak 36 urte zituen, eta hiru seme-alaba ustezko hiltzailearekin. Mendozaren heriotzak eztabaida handia piztu zuen babes neurrien eraginkortasunaren inguruan. Izan ere, emakumearen senide eta lagunek jakinarazi zuten gizonak sarri puskatzen zituela urruntzeko aginduak, hil zen egunean bezalaxe.
Handik egun gutxira hil zuen ustez bikotekideak Sophie Loudette lapurtarra, Baionan. Anne Kayanakis prokuradoreak jakinarazi zuen Loudette hil ostean bere buruaz beste egin zuela hiltzaileak.
Poltsikoko labana bat erabili zuen gizonezkoak Loudette hiltzeko. Eztarrian eman zion ziztada gizonak armarekin, eta heriotza eragin zioten zauriak egin zizkion emakumeari. Ondoren, gizonak bere burua hil zuen, bihotzean labankada bat hartuta. 48 urteko gizonezkoa Parisen bizi zen, eta aurrekariak zituen genero indarkeriagatik. Hain zuzen ere, bikotekide ohia eta haren gurasoak jotzeagatik hiru hilabeteko kartzela zigorra bete zuen 2007an. Prokuradoreak jakinarazi zuenez, emakumeak bereizteko borondatea agertu zionean eraso zion, eta orduan hil zuen.
Bost kasu horiek ez ezik, izan dira mugimendu feministak emakumeen aurkako indarkeriatzat jo dituen bi kasu gehiago ere. Amaia Azkue Orioko emakumearena da bat. Bigarrena Portugaleten gertatutako beste kasu bat da: 17 urteko mutil batek ama —Pilar Alonso— eta anaia txikia hil zituen labankadaka. Azkueren kasuan, gorpua Azpeitiko Ibai-Eder urtegiaren ondoan aurkitu zuten. Ertzaintzak baztertu egin zuen genero indarkeriako kasua izan zenik. Auziarekin lotuta, Ander Etxeberria 17 urteko gaztea atxilotu, eta adingabeen zentro batera eraman zuten, Azkue hiltzea leporatuta. Hiltzeko arrazoitzat dirua lapurtu nahi izana adierazi zuen Ertzaintzak.
Aldi berean, sexu eraso eta bortxaketa ugari ere izan dira aurten, horietako sonatuenak hiriburuetako jaiekin lotuak. Esaterako, Iruñean, lau sexu eraso izan ziren sanferminetan, eta Baionako festetan, hiru. Abendura arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %8,16 salaketa gehiago izan dira iaz baino, Jaurlaritzak bildutako datuen arabera. Iaz, 196 salaketa jaso zituzten, eta, aurten, 212.
Emakumeen aurkako indarkeria. Urteko balantzea
Bost andre hil dituzte, eta egunean 17 tratu txar salaketa jaso
Urri amaiera arte 5.067 salaketa jaso dituzte tratu txarrengatik eta sexu erasoengatik Hegoaldean, iaz baino %11 gehiagoBost heriotza kasuetan bikotekideak edo bikotekide ohiak kartzelatzeko agindu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu