Aurreikuspen txarrak emaitza okerrago bihurtu ziren atzo gauean PSE-EErentzat, baina Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak garaipen mezua nabarmendu zuen bere balorazioan: «Demokraziak irabazi du. ETAren mehatxurik gabe egiten diren lehen hauteskundeak dira, eta hori da gure benetako garaipena». Euskal Autonomia Erkidegoan lau ordezkari lortu dituzte sozialistek Espainiako Kongresuan: bi Bizkaian, eta bana Araban eta Gipuzkoan. 2008ko bozekin alderatuta bost eserleku galdu zituzten atzo, baina maiatzeko udal eta foru hauteskundetan baino 65.000 boto gehiago jaso. Hortaz, datu baikor bakarra erabili zuen Lopezek, PSE «alderdi sendoa» dela adierazteko: «Euskal ezkerraren erreferentziazko alderdi izaten jarraitzen dugu».
Mezuak mezu, errealitatea oso bestelakoa izan zen atzo gauean Bilboko Domine hotelean, sozialistek hauteskunde ostekoak aztertzeko hautatu zuten lekuan. Ospatzeko gutxi egongo zela sumatuta, oso sozialista gutxi bertaratu zen; izatez, militante baino kazetari gehiago bildu zen. Afiliatuentzako gela ia hutsik egon zen 22:45ak aldera buruzagiek prentsaurrekoa egin zuten arte. Bertan prestatutako tabernako zerbitzariek ez zuten ia lanik izan.
PSOEren Espainiako emaitza txarrak pixka bat zuzentzeko itxaropena zuen PSEk, EAEn lehen indar politikoa izatea jarri baitu xede Patxi Lopezek kanpainan zehar. Esperantza hori agertu zuten gaueko lehen orduko adierazpenetan, baina 21:30etik aurrera emaitzak oso argiak izan ziren. Kongresuan eskuratutako lau eserlekuen ondorioz, EAEn inoiz izandako emaitza txarrenak berdindu zituen atzo PSEk: 2000 urtean ordezkari kopuru bera lortu zuen, eta 266.000 boto; orduan baino 12.000 boz gutxiago lortu zituen atzo.
Aldiz, 2008an, Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan inoizko emaitza onenak lortu zituzten sozialistek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: alderdi bozkatuena hiru lurraldeetan, eta bederatzi eserleku guztira. Hiru urte eta erdian, bost aulki galdu dituzte: bat Araban eta bina Gipuzkoa eta Bizkaian.
Halere, lanean jarraitzeko beharraz jardun zen Lopez atzo. Bi lehentasun ezarri zituen: krisitik ateratzeko «euskal gizartearen batasuna» sustatzea, eta «elkarbizitza sendotzea». Ildo horretan, eta bakegintza kudeatze aldera, Mariano Raxoirekin harremanetan jartzeko asmoa agertu zuen, PPren «garaipen argia» onartu ostean. Gehiengo absolutuaren «botere» absolutu bihurtzeko arriskuaz ohartarazi zuen, halere: «Sozialiston oposizioa funtsezkoa izango da».
EAEn, berriz, EAJ irabazletzat jo zuen Patxi Lopezek, eta mapa politikoa aldatzen ari dela ondorioztatu. «Guk Euskadi moderno eta solidarioa eraikitzen jarraituko dugu».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien balorazioak
Bost aulki galdu arren, «demokraziak irabazi» duela esan du Patxi Lopezek
Maiatzean baino boto gehiago lortu dituela nabarmenduta, PSE «euskal ezkerraren erreferentziatzat» jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu