Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa bultzatzen ari den hezkuntza erreforma, hezkuntza ereduei eta murgiltze ereduari buruzko eztabaida, D ereduaren bilakaera, Kataluniako irakaskuntzako murgiltze eredua, hezkuntza sistemaren emaitzak eta mugak... Azken hilabeteetan hezkuntza arloan sortu diren eztabaidak xehetasunez jarraituko ditu BERRIAk, bihartik aurrera, papereko edizioan.
Eragile guztiak bat datoz hezkuntza ereduak agortuta daudela. Baina haien ordez proposatzen diren ereduetan, ez. Hezkuntza ereduen bilakaerari eta mugei buruz eta Eusko Jaurlaritzak azken agintaldian proposatu zuen hiru eleko ereduari eta Kontseiluak mahai gainean jarritako proposamenari buruz arituko da biharko aurreneko erreportajea.
Egunero, hezkuntza arloko eragile baten iritziak ere kaleratuko ditu BERRIAk, erreportaje sortarekin. Bihar, Aitor Etxarte Berezibar NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko kideak ekingo dio iritzi sortari.