Bost bizkaitar hil dira Laredon, propano leherketa baten ondorioz kea arnastuta

Bost bizkaitar hil dira Laredon, propano leherketa baten ondorioz kea arnastuta. Getxoko senar-emazteak eta beren bi seme-alabak larri zaurituta daude Gurutzetan

jakes goikoetxea
DONOSTIA
2006ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko senar-emazteak eta beren alaba, eta Getxoko (Bizkaia) emakume edadetu bat eta bera zaintzen zuen emakumea hil ziren atzo Laredoko eraikin batean (Kantabria, Espainia), propano isuri batek eragindako gas leherketa baten ondorioz. Leherketaren eraginez su hartu zuten bigarren eta hirugarren solairuek. Bost lagunak kea arnastuta hil zirela uste dute. Beren gorputzak Santanderko (Kantabria, Espainia) Valdecilla ospitalera eraman zituzten, autopsia egiteko.

Ezbeharrean hamabi lagun zauritu ziren, horietako lau, Getxoko senar-emazteak eta bi seme-alabak, larri. Laurak Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalean daude: lau urteko semeak erreta dauka gorputzaren %49, zortzi urtekoalabak %35 eta gurasoek %40. Horrez gain, Gurutzetako medikuen esanetan, litekeena da kea arnasteak ere bestelako kalteak eragitea, baina hori ezin da oraindik zehaztu. Medikuek zehaztu zutenez, egoera larriaren edo oso larriaren arteko muga «oso txikia» da. Familiak Laredon pasatzen zuen uda eta aste batzuk zeramatzan bertan.

Kea arnastuta zauritutako sei lagun Laredoko ospitalean daude. Bertako arduradunen esanetan, beren egoera hobetzen ari da eta ospitaletik gaur aterako direla aurreikusi dute. Suhiltzaile bat ere zauritu zen.

BOST HILDAKOAK ELKARREKIN ZEUDEN. Leherketa 04:25 aldera gertatu zen Laredoko Giza Eskubideen etorbideko Jai-Alai eraikin multzoko B eraikinean. Ordu horretan jaso zuten leherketaren berri Laredoko udaltzainek. Leherketa bigarren solairuko sukalde batean gertatu zen, baina hildakoak eta larri zaurituak hirugarren solairuan bizi ziren. Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak zehaztu zuenez, bost hildakoak hildako senar-emazteen eta alabaren etxeko komunean aurkitu zituzten. Dirudienez, emakume edadetua eta zaintzailea bizilagunen etxera joan ziren sutatik babesteko asmoz.

Suhiltzaileak sua kontrolatu zutenean sartu ziren eraikinera, ea sua itzaldu zuten baieztatzera. Orduan aurkitu zituzten bost gorpuak. Oraindik ez dute argitu leherketa nola gertatu zen.

EZTABAIDA SUHILTZAILEEN AZKARTASUNAZ. Laredoko herritar batzuek salatu zutenez, suhiltzaileak oso berandu iritsi ziren, leherketa gertatu eta ordu erdi inguru geroago. Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak ukatu egin zuen. Bere esanetan, leherketari buruzko lehen deia 04:32an jaso zuten 112 larrialdien telefonoan eta 04:37an Laredoko suhiltzaileak Jai-Alai eraikinaren parean zeuden.

Kantabriako Gobernuak eta Laredoko Udalak eraikina aztertu zuten eta egitura ez dagoela kaltetuta esan zuten. Hala ere, eraikina berriro aztertu beharko dute hozten denean.

Leherketaren ondorioz 33 herritar atera behar izan zituzten beren etxeetatik, horietatik hogei suhiltzaileen kamioiko eskailera mekanikoaren bitartez. Laredoko Udalak horietatik hamaikari aurkitu behar izan die ostatua hurrengo egunetan bizitzeko. Itxi egin dituzte Jai-Alai eraikin multzoko B eraikineko lehen eta bigarren ezkaratzak.

HILDaKoaK eTa zaurITuaK



Hildakoak
Jaime Bilbao Azketa (Mungia, 78 urte) eta Trinidad Lopez Lanza (Bilbo, 70 urte) senar-emazteak eta Ana Maria Bilbao Lopez alaba (Bilbo, 37 urte).

Emilia Ballestero Orue (Ortuella, 93 urte) eta hura zaintzen zuen Elsa Taboada (Santa Cruz, Bolivia, 43 urte).

Zaurituak
Senar-emazteak eta bi seme-alaba:

Oso larri: Lau urteko R.C.B. mutilak erreta dauka gorputzaren %49a.

Larri: Zortzi urteko R.C.B. neskak erreta dauka gorputzaren %40. 38 urteko A.C.R.-k eta 40ko R.B.L.-k erreta daukate gorputzaren %40a.

Propanoa, gizakiak usaintzen ez duen gasa



Gizakia ez da gai propanoa usaintzeko. Ondorioz, Laredon (Kantabria, Espainia) bezala propano isuri bat gertatuz gero, gizakiak ez du nabaritzen. Horregatik, isurien arriskuari aurre egiteko, propanoari usaina ematen dion substantzia bat gehitzen diote. Hala ere, pertsona bat lo badago ez du propanoari gehitzen dioten usain hori nabaritzen, Santiago Ayala Madrilgo suhiltzaileen prestatzaileak atzo Efe agentziari esan zionez.

Usainaz gain, badaude beste sistema batzuk gas isurien berri emateko, zarata egiten duten gailuak esaterako. Lo dagoen pertsona gas isuriaz ohartarazteko modukoak dira.

Santos Fernandez Revolvo Laredoko alkateak atzo esan zuenez, propanoak eragindako leherketak gas naturalak eragindakoak baino bortitzagoak izaten dira.

KronoLoGIa



2004
Urtarrilaren 21a: 73 urteko gizon bat hil zen Barakaldon (Bizkaia), butano botila bat lehertuta.

2005
Ekainaren 16a: 38 urteko eta 64 urteko bi gizon hil ziren Gasteizen izandako gas leherketan.

2006
Ekainaren 20a: Gizon bat hil egin zen Idauzen (Zuberoa), etxe aurrean zeukaten gas edukiontziaren leherketaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.